Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Anduezak, Ertzaintzaren jardunaz: "Bere protokoloak ditu, eta istiluak daudenean, sartu egin behar da"
PSE-EEko lehendakariagaiak "konfiantza" azaldu dio poliziari. Istiluen atzean EH Bildu ote dagoen galdetuta, "zuhurrago" azaldu da eta koalizioa "seinalatzea" saihestu du. Dena dela, aipatu du mugimendu batzuen atzean "ezker abertzalearen edota independentisten ingurukoak" izan zirela.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaiak babestu egin du Ertzaintzaren jarduna. Azpimarratu duenez, "bere protokoloak ditu, eta istiluak daudenean, sartu egin behar da, horretan ez dago eztabaidarik". Zentzu horretan, "konfiantza" azaldu dio polizia autonomikoari. "Niri ez naute inoiz pilota batekin edo borra batekin eman, mugimendu horietan ez naizelako sekula egon", arrazoitu du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpenok buruzagi sozialistak, zenbait futbol partiden atarian zein M3ko manifestazioaren eta Tolosako inauterien harira Ertzaintzak esku hartzeko moduak eragindako polemikaz galdetu diotenean.
Lehenengoen harira, adierazi du "izugarri kezkatzen" duela futbol ekitaldien inguruan azkenaldian hainbeste istilu egotea. Euskal Herrian ez ezik, mundu mailan ere halakoak gertatzen direla gogorarazi du, eta salatu "ultren mugimenduak" direla, "ideologia batekoak zein bestekoak, eta hori moztu egin behar da".
Istiluen atzean EH Bildu ote dagoen itaunduta, "zuhurrago" azaldu da Andueza: "Probarik ez badut, nahiago dut inor ez seinalatzea". Dena dela, aipatu du aurretik ere "mugimendu batzuen atzean ezker abertzalearen edo independentismoaren ingurukoak izan zirela, eta hori agerikoa da".
M8a hizpide hartu du PSE-EEko idazkari nagusia ere badenak. Horren ustez, gaurko egunak jaieguna izan beharko luke, "baina ez jai egiteko, kalean egoteko eta aldarrikatzeko". Izan ere, defendatu du emakumearen nazioarteko eguna ez dela andrazkoak zoriontzeko, "borrokatzeko eta kalera ateratzeko eguna da, eta gizonezkook ere badugu erantzukizuna". Hala, iragarri du Bilboko manifestazioan parte hartuko duela arratsaldean.
Era berean, nabarmendu du bera lehendakari balitz Emakunde Lehendakaritzara itzularaziko lukeela. "Ez genuen aldaketa ulertu —Gizarte Politikako Sailaren menpe jarri zuen Jaurlaritzak, duela lau urte— eta hori berreskuratzeko momentua da". Argudiatu duenez, Lehendakaritzan egonda Emakundek behar duen protagonismoa izango luke, eta transbertzaltasuna bermatuko litzateke sail guztietan.