Politika -
Ustelkeria politikoa
Zer dakigu orain arte "Koldo auzia"z?
Koldo Garcia Abalos ministroaren aholkulari izandakoa atxilotu zutenetik arlo juridikoan eta politikoak jazotakoak bildu ditugu.
E. G. | EITB Media
Zortzi egun baino ez dira igaro "Koldo auzia" lehertu zenetik. Astebete pasatxo atxilotu zuten auziari izena ematen dion pertsona: Koldo Garcia Izaguirre, Jose Luis Abalos ministro ohi sozialistaren aholkulari izandakoa. Auzitegi Nazionalak ikerketapean du Garcia pandemia garaian erakunde publikoei maskarak saltzean ustez legez kanpoko komisioak kobratzeko sare baten kide izan delakoan.
Auziak lurrikara eragin du Espainiako politikagintzan eta PSOEn. Sozialistek alderditik kanporatu du lau urtez PSOEren Antolaketa idazkaria ere izan zena.
Hauek dira azken egunotan auziak izandako mugarriak:
- ARLO JURIDIKOAN
Otsailak 21: Auzitegi Nazionalak aginduta, Guardia Zibilak Koldo Garcia atxilotu du beste 19 pertsonarekin batera. Ikerketak 2022an Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak aurkeztutako kereila bat du oinarri, aurrez Madrilgo PPk gaiaren inguruan egindako salaketa bati jarraiki. Atxilotutakoen artean hainbat enpresaburu, guardia zibil bat eta Koldo Garciaren gertukoak daude (anaia eta emaztea). Guardia Zibilaren UCO taldeak 26 miaketa egiten ditu Espainiako Estatuko hainbat lekutan.
Otsailak 22: Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera daramate Garcia, eta deklaratzeari uko egiten dio. Epaileak behin-behinean aske utzi du hainbat neurri ezarrita. Pasaportea kendu dio eta 15ean behin epaitegietan aurkezteko betebeharra ezarri.
Otsailak 23: Bi urteko epean Koldo Garciaren ondarea 1,5 milioi eurotan handitu izana ikertzen ari da epailea. Zehazki, tarte horretan "esku-dirutan egindako sarrerak handitu" zirela jabetu dira ikertzaileak, baita hipoteka eta maileguetan egindako ekarpenen hazkundea ere, Benidormeko hiru higiezinekin lotuta.
Otsailak 28 Juan Carlos Cueto enpresaburua eta sarearen ustezko buruzagiak deklaratu du Auzitegi Nazionalean. Epaileari esan dionez, "maskaren salmentan herritarrei laguntzea" izan zuen helburu. Horren arabera, "irabaziak izateko tartea oso estua" izan zen. Fiskaltzaren hitzetan, ordea, 9,6 milioi euroko irabaziak izan zituen.
Otsailak 29: Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Garraio ministro izandakoak "bitartekari" lanetan jardun zuen ustezko eroskeria sarean, Ismael Moreno epailaren auto baten arabera. Hedabideei filtratutako idatzian jasotzen denez, Koldo Garciak eta buruzagi sozialistak bilera bat egin zuten politikariak zuen arazo batean bitartekaritza egin zezan.
- ARLO POLITIKOA
Otsailak 21: Garciaren atxiloketaren berri izatean, Abalos "harrituta" ageri da eta azalpenak eskatuko dituela nabarmendu du. Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ukatu egin du Abalos gobernutik ateratzeak "Koldo auzia"rekin zerikusia izan zuenik.
Otsailak 24: Hiru egunen buruan gogorrago mintzatu da Sanchez. Horren ustez, ustelkeriaren kontrako borroka "gupidagabea" izan behar da, "erortzen dena edonor dela ere". Diputatu sozialistak dimisioa ematea baztertu du, auzia ministro zen garaian gertatu izan balitz egingo lukeela azpimarratuta.
Otsailak 26: PSOEk 24 orduko epea eman dio Abalosi diputatu akta emateko. Halaber, Kongresuan ikerketa batzordea egiteko eskaera erregistratu du, pandemia garaian maskaren auzia ikertzeko. Ministro ohiak Kongresuko Barne Batzordeko presidente kargua utzi du, baina diputatu aktari eutsita.
Otsailak 27: Epea agortuta, diputatu aktari eutsi dio Abalosek, eta Talde Mistora igaroko dela iragarri du. PSOEk alderditik kanporatu du behin-behinean "arau hauste larria" egotzita.
Otsailak 28: "Koldo auzia" Kongresuko kontrolerako saioko erdigunean kokatu da, PSOEren eta PPren arteko eztabaiden artean.
Otsailak 29: Hedabideek zabaldutako informazioen arabera, Koldo Garcia Abalosekin, Miguel Tellado PPko buruzagiarekin eta Begoña Gomez Sanchezen emaztearekin bildu omen zen. Borroka politikoak ez du etenik.