Politika -
BOTERE JUDIZIALA
Pedro Sanchezi "psikopata" deitu zion epaileari espedientea zabaltzea agindu du BJKNk
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorrak aho batez hartu du erabakia, aurrez erakundeko diziplina organoak Manuel Ruiz de Lara epailearen aurkako eginbideak artxibatzea erabaki ondoren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Manuel Ruiz de Lara epaileari espedientea zabaltzeko agindu dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) Batzorde Iraunkorrak erakundeko diziplina organoari, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari "muga etikorik gabeko psikopata" deitzeagatik. Hortaz, diziplina organoak aurrez hartutako erabakia zuzendu du Batzorde Iraunkorrak, epailearen aurkako eginbidean artxibatzea erabaki baitzuen.
Epaileen Gobernu Batzordeko iturriek baieztatu dutenez, Batzorde Iraunkorreko kideek aho batez erabaki dute auzia ez artxibatzea.
Duela hiru hilabete, eginbide informatiboak abiatu zituzten Madrilgo Merkataritza-arloko 11. Epaitegiko epailearen aurka X sare sozialean Pedro Sanchezi egindako irainengatik eta, gerora, artxibatu egin zuten.
Ruiz de Larak "muga etikorik gabeko psikopata" eta "nartzisista patologikoa" deitu zion Sanchezi, eta inbestiduraren ondoren mezu horiek argitaratu zituzten hainbat hedabidek.
Gaur-gaurkoz Manuel Ruiz de Lara epaileak X sare sozialean zuen profila ez da existitzen.