Politika -

GUGGENHEIM URDAIBAIN

Urtasunek uste du Urdaibaiko Guggenheim Museoa zabaltzeak "arazo larriak" sortuko dituela ingurumenean

Kultura ministroak adierazi duenez, Guggenheim Museoa Urdaibaiko erreserba naturalera zabaltzeak, ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspuntutik, "arazo larriak sortzen ditu", baina euskal erakundeek horri buruz hartzen duten erabakia errespatatuko duela gaineratu du.

Urtasunek ingurumen eta hirigintza ''arazo larriak'' ikusten ditu Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuan

1:00

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kultura ministro Ernest Urtasunek uste du Guggenheim Museoa Urdaibaiko erreserba naturalera zabaltzeak "arazo larriak" sortzen dituela ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspuntutik, baina gaineratu du euskal erakundeei dagokiela erabaki hori hartzea.

Hala adierazi du Urtasunek Kongresuan, Gobernuaren kontrolerako saioan, Javier de Andres PPko diputatu eta EAEko hauteskundeetarako lehendakarigaiak museoaren handitzeari buruz duen iritzia galdetu ostean.

Testuinguru horretan, Kultura ministroak gogorarazi du museoaren patronatuak, zuzendaritza eta euskal erakundeak bertan direla, 2025era arteko tartea eman duela handitzearekin aurrera jarraituko duten erabakitzeko.

"Nire Ministerioaren iritziz, kulturak eta ingurumenak eskutik joan behar dute beti. Beraz, argi eta garbi, bi gauza esango dizkizut. Bata, hori euskal erakundeei dagokien erabakia da eta horretan nik errespetu handia izango dut, baina, nire iritzia galdetzen badidazu, zabaltze horrek, ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspuntutik, arazo larriak sortzen ditu", adierazi du Urtasunek.

Erantzunaren ostean, De Andresek gaitzetsi egin dio baieztapen hori egitea, Espainiako Gobernuak proiektu horretarako "40 milioi euro eman dituenean".

Lehendakaritzarako PPren hautagaiak galdetu dio ea badakien "Urbaibairen babes eremua murriztu dela, hain zuzen ere, proiektu hori egin ahal izateko". "Ez da bateragarria esatea hori euskal administrazioen gauza bat dela eta 40 milioi jartzea, hau da, proiektuaren kostuaren erdia. Uste duzu hau dela diru publikoa administratzeko modua?", galdetu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Guggenheim Espainiako Gobernua bideoak Eguneko albisteak Albisteak Ekologia gaur Urdaibaiko Biosfera Erreserba