Politika -

Agerraldia

Lehendakariak EAEko hauteskundeen data iragarriko du gaur arratsaldean

18:30etik aurrera, komunikabideen aurrean agertuko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz izango diren jakinarazteko. Litekeena da apirilaren 21a izatea aukeratutako data. Eitb.eus-ek zuzenean emango du agerraldia.

El lehendakari Iñigo Urkullu
El lehendakari Iñigo Urkullu
El lehendakari Iñigo Urkullu

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du gaur arratsaldean, 18:30ean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen data iragartzeko. Lehendakaritzatik egingo du agerraldia, behin Gobernu bilera amaituta, eta eitb.eus-ek zuzenean emango du. Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak ohiko du hitza hartzea asteroko Gobernu kontseiluen ondotik, bertan eztabaidatutako gaien berri emateko, baina gaurkoan ez du prentsaurrekorik emango.

17:00etan hasiko da Gobernu bilera. Ondoren, 18:30ean, komunikabideen aurrean agertuko da lehendakaria. Astearterako zegoen aurreikusita bilera, baina bertan behera utzi behar izan zuten, Urkulluren amaren osasun egoera larria medio —egun horretan bertan hil zen—.

Hauteskunde datak harrabotsa sortu du asteotan alderdi politikoen zein euskal herritarren artean. Dataren gaineko zurrumurruak zurrumurru, aukeren artean apirilaren 21ak hartu du indarrik handiena, nahiz eta arratsaldera arte ez den data ofizialki ezagutuko.

Hauteskunde legearen arabera, bozken data hauteskunde eguna baino 54 egun lehenago argitaratu behar da EAEko aldizkari ofizialean (EHAA). Horrenbestez, azkenean data horren alde egiten badute, otsailaren 27rako jaso beharko du iragarpena EHAAk.

Noiz edo noiz esan izan du lehendakariak 2020ko hauteskundeak apirilaren 5erako zeudela deituta, baina uztailaren 12ra atzeratu zituztela covid-19aren pandemia tarteko. Ildo horretan, sarri defendatu du legealdi amaiera hasiera batean ezarritako data (apirilak 5) kontuan izanda kalkulatu behar dela.

Horregatik, Urkulluk ez zuen "zentzuzkoa" ikusten uztailera arte itxarotea, ezta EAEko bozkak Europako hauteskundeekin batera egitea ere —ekainaren 9an dira—.

Oraingoz,  baina, baieztapen ofizialaren zain, argituta dagoen bakarra da Iñigo Urkullu ez dela berriro EAJren hautagai izango. Hain zuzen ere, Imanol Pradales aurkeztu du alderdiak lehendakarigai.

Agur giroa Legebiltzarrean

EAEko aktualitate politikoak egunak daramatza hauteskunde giroan murgilduta, legealdia amaitzear dagoen zantzu argiekin. Astelehenean, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietako buruzagiak, Andoni Ortuzar eta Eneko Andueza, bilerara deitu zituen Urkulluk. Batzarrean legealdiaren balorazioa egin zuten hirurek, eta azken lau urteotan emandako "konfiantza eta babes leiala" eskertu zien Urkulluk EAJko eta PSE-EEko buruei. 

Aurrez, ostiralean, legealdiko azken kontrolerako saioa egin zuten Eusko Legebiltzarrean. Bilkurak agur kutsu nabarmena izan zuen, eta lehendakaria Lucia Arieta-Araunabeña emaztearekin joan zen ganberara —ez da batere ohikoa—. Bezperan, legealdiko azken hiru legeak onartu zituzten, eta orduan adierazi zuen lehendakariak pentsatua zuela hauteskundeen data, orduko hartan iragarri ez bazuen ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Azken albisteak Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Hauteskundeak Euskadin Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak gaur