Politika -
HAUTESKUNDE AUTONOMIKOAK
Gorrotxategi: "Pena da Sumarrek prozesua amaitutzat ematea, eta batasuna eskatu dutenei entzun ez izana"
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak esan du bere alderdiak eskuan zuen guztia egin duela Sumarrekin batasun akordioa lortzeko, "baina ez da posible izan".
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak esan du "pena" bat dela Sumarrek hautagaitza bateratua lortzeko "prozesua bukatutzat eman izana".
Izan ere, ETB-1eko Egun On saioan, Lader Martinez Sumarreko buruak esan du "amaitutzat" ematen duela Elkarrekin Podemosekin abiatutako prozesua, hauteskunde autonomikoei begira.
"Guk gure eskuan zegoen guztia egin dugu", esan du Miren Gorrotxategik, Lander Martinezen adierazpenak entzun ondoren.
"Izan ere, nik neuk alde batera egiteko aukera mahai gainean jarri nuen, baina ez da posible izan, eta horrela bukatzen da", azaldu du.
"Ez dituzte ezkerreko herritarrak entzun nahi izan, ezta gure batasuna eskatzeko antolatu direnak ere", gaineratu du.
Gorrotxategik esan du Elkarrekin Podemosek "espazio politiko" hori ordezkatzen jarraituko duela, "gauzak orain arte egin ditugun moduan egiten".