Politika -

BATZAR NAGUSIAK

Etxanobe: "Guggenheim Urdaibai proiektua bideragarria den edo ez jakiteko, lan asko dago aurretik"

Oposizioko taldeek eskualdea biziberrituko duen plan baten beharra azpimarratu dute. Oso kritiko agertu dira Guggenheim Udaibai proiektuarekin.

Elixabete Etxanobe, gaur, Batzar Nagusietan. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Elixabete Etxanobe, gaur, Batzar Nagusietan.
Elixabete Etxanobe, gaur, Batzar Nagusietan. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guggenheim Urdaibai museoaren proiektuaren inguruan orain arte egindako lanen berri eman du Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak Batzar Nagusietan. Proiektuaren xehetasunak zeintzuk diren azaldu eta hemendik aurrera eman beharreko pausoak azaldu ditu. Esan duenez, "proiektua bideragarria den edo ez" jakiteko "lan asko dago oraindik egiteko".  Hori bai, argi utzi du Aldundiak ez duela bere jarrera aldatu gai honen inguruan.

Elkarrekin Podemos taldeak eskatuta eman ditu azalpenak Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean. Adierazi du "proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko jarduerak identifikatzen" ari dela Aldundia,  proiektuak "ingurumenean eta Busturialdea biziberritzean eragin positiboa izan dezan".

Berretsi du "proiektua garatzeko estrategia" ez dela aldatu: "Ingurumena, kultura-jarduera, jarduera ekonomikoa, hirigintza eta mugikortasuna hobetuko dituen proiektua definitzea eta gauzatzea. Busturialdeko bizi-kalitatea eta bizitzeko aukerak hobetuko dituena. Ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz eta eskualde honen beharrak eta aukerak kontuan hartuz. Hori izan da, da eta izango da estrategia".

Proiektuari buruzko azken erabakia Guggenheim Patronatuari dagokiola ere nabarmendu du, eta prest azaldu da eman diren eta emango diren urrats guztiak herritarrekin partekatzeko.

Bere hitzaldian, egitasmoan aurreikuten diren bi eraikinak nolakoak izango diren azaldu du. Batetik, Daliako fabrika zaharrean egin asmo dutena: 5.009 metro karratu baino gehiagoko azalera hartuko luke, eta bertan, bisitariei arreta emateko espazioa, bulegoak, auditorioa edo profesionalentzako eremu bat eraikiko lirateke. Bestetik, Muruetako ontziolen egungo lursailetan egitea aurreikusten dena; 7.400 metro koadroko azalera hartuko luke horrek. 

Azalpenen ostean, oposizioko taldeek eskualdea biziberrituko duen plan baten beharra azpimarratu dute, baina oso kritiko agertu dira Guggenheim eraikitzeko proiektuarekin.

Aldiz,  EAJko eta PSE-EEko ordezkariek Etxanoberen azalpenak babestu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Guggenheim Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Urdaibaiko Biosfera Erreserba Elixabete Etxanobe