Politika -
Tsunami Democratic auzia
Suitzak ez dio Garcia Castellon epaileari eskatutako informazioa eman ikerketak kutsu politikoa duelakoan
Suitzako agintariek hainbat argibide eskatu dizkiote Tsunami Democratic auzia ikertzen ari den epaileari, eta erantzun bitartean, bertan behera utzi dute erreguzko eskaera. Amnistia Legeak izan ditzakeen ondorioez ere galdetu diote Auzitegi Nazionalari.
Agentziak | EITB Media
Suitzako Justizia Bulego Federalak eskutitza bidali dio Tsunami Democratic auzia ikertzen ari den Manuel Garcia Castellon epaileari, horrek eskatutako informazioa ukatzen diola jakinarazteko. Garcia Castellonek Marta Rovira ERCko idazkari nagusiaren bizilekuaren (2018tik herrialde helvetiarrean dago erbesteratuta buruzagi independentista) informazioa eskatu zion Suitzari, baita mugimenduaren bankuko informazioa ere (plataforma finantzatzeko ustez erabili zuten kontuaz ari da) .
El Pais egunkariak aurreratu duenez eta EFE albiste agentziari ikerketaren gertuko iturriek baieztatu dietenez, informazio hori bidali baino lehen ikerketak motibazio politikoa ote duen argitu nahi du.
Era berean, argibideak eskatu dizkiote Auzitegi Nazionalari Kongresuan izapidetzen ari den Amnistia Legearen inguruan. Lege horrek Kataluniako zenbait independentistei nola eragingo dien jakin nahi du Suitzak, bereziki Marta Roviraren kasuan. Suitzaren esanetan, "ez dago argi mugimendu horretako (Tsunami) kide izan ote zen".
Erantzunak jaso bitartean, erreguzko eskaera bertan behera uztea ebatzi du Suitzak. Argudiatu duenez, Garcia Castellonek orain bidalitako erreguak 2020an baztertutako beste baten antz handia du. Orduko hartan, Espainiak eskatutako laguntza eskaera errefusatu zuen herrialde helvetiarrak, "izaera politiko argia" zuela iritzita.
Zehatz jarrita, Suitzak jakin nahi du zertarako nahi duen jakin Espainiak non dagoen Marta Rovira, eta zergatik egin duen eskaera modu horretara, polizia lankidetzaren prozedura sinple batekin bideratu daitekeela kontuan hartuta.
Bankuko informazioari dagokionez, honako galdera egin diote Auzitegi Nazionalari: zergatik nahi dituzten 2020ko ekainera arteko banketxeko mugimenduen berri izan, mugimendu horrek antolatutako Bartzelonako El Prat eta Madrilgo Barajas aireportuen ekintzak (ustez kontu horren bidez finantzatu zituzten) 2019ko urriaren 14koak badira. Horren harira, Rovirak bi manifestazio horiekin izan zuen harremana zein izan zen argitzeko ere eskatu dio.