Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Gatazkak konpontzeko "kultura aldaketa" eskatu du Pradalesek, grebak "lehen aukera" izan ez daitezen

Sektore publikoan martxoaren 12rako deituta dagoen grebaz galdetuta, lanuzteak "ezohiko tresna" izan beharko liratekeela uste du EAJren lehendakarigaiak. Bestalde, trantsizio ekologikoaren harira, prozesua apurka-apurka egitea aldarrikatu du, lehiakortasuna eta lanpostuak "jokoan" daudelako.

Pradales, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Pradales, elkarrizketaren une batean.
Pradales, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

play icon 28:56

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales EAJren Lehendakaritzarako hautagaiak "kultura aldaketa" galdegin du lan gatazkak konpontzeko orduan, grebak "lehen aukera" baino, "ezohiko tresna" bihur daitezen. Sektore publikoan martxoaren 12rako gehiengo sindikalak deitu duen grebari buruz galdetuta egin du gogoeta, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. 

Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatua ere badena kritiko azaldu da deialdiarekin, eta pare bat datu eman ditu. Batetik, Espainiako Estatuaren eta EAEren biztanle kopurua eta greben portzentajea alderatu ditu. Horren hitzetan, "EAEko biztanleria Espainiakoaren % 5 da, baina Estatuan egiten diren greben erdia hemen egiten dira. Ez dago oso orekatua". Bestetik, azpimarra jarri du sektore publikoan egiten direla "greba gehienak", esparru horretan EAEko langileriaren % 16 baino ez dabilen arren. 

Pradalesen aburuz, "greba tresna bezala badago, baina horretara heldu baino lehen hitz egin beharra dago, negoziatu... askotan kultura hori botatzen dut faltan". 

Klima aldaketaren kontrako borrokan abiatu beharreko trantsizio ekologikoa ere hartu du hizpide buruzagi jeltzaleak, asteburuan egindako adierazpenei jarraiki. Urratsak ematearen alde agertu da, Europako Itun Berdearekin bat eginda, baina, nabarmendu duenez, aldaketa "ezin da egun batetik bestera egin, ezin gara beltzetik zurira pasatu. Izan ere, gogorarazi du EAEko enpresek gasarekiko menpekotasun handia dutela, etxeetan ere bai, eta petrolioak garrantzitsua izaten jarraitzen du. Beraz, bidea apurka-apurka egin behar dela azpimarratu du, "lehiakortasuna dugu jokoan, eta lanpostuak ere bai". 

Gai politikoetara etorrita, EAEko hauteskundeen data ezagutzen ez duela berretsi du, eta apirilean edo ekainean izanda, bi aukerek "abantailak eta desabantailak" dituztela iritzi dio. Europakoekin batera badira, ekainean, hautagai berrientzat "abantaila" izango dela uste du, euren buruak ezagutarazteko denbora gehiagoi izango dutela argudiatuta. Baina, era berean, Espainiako zein Europakoak eragina izan lezakeela. Apirilean badira, halaber, uste du Feijooren eta Sanchezen partetik "saiakera" egon daitekeela "kanpaina hemendik egiteko". 

Azkenik, Galiziako hauteskundeak hizpide, BNGk izandako "izugarrizko igoera" txalotu du. "Berri ona da abertzaletasunaren ikuspuntutik", erantsi du. Bestalde, PP zein PSOE "ahulduta" ikusi ditu Pradalesek, biek ala biek ordezkariak galdu dituztelako Parlamentuan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Bizkaia Hauteskundeak Euskadin Zenbat hautagai aurkeztu dira? Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia Imanol Pradales gaur