Politika -

Kanpainaurrea

Pradalesek trantsizio ekologikoa "ondo" egiteko deia egin du, euskal industriaren eskutik

EAJren Bizkaiko zerrenda aurkezteko ekitaldian, "laborategiko" populismoetako diskurtsoekin eta "dena publikoa izan behar dela defendatzen duten diskurtsoekin" "kontuz" ibiltzeko deia egin du lehendakarigaiak, "aberastasuna sortzen ez badugu, miseria banatzen amaituko dugu", argudiatuta.

Imanol Pradales, gaur, Barakaldon.
Imanol Pradales, gaur, Barakaldon.
Imanol Pradales, gaur, Barakaldon.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak apustu argia egin du Euskadin "trantsizio energetikoa eta ekologikoa" eta deskarbonizazioa jorratzeko, baina "ondo egiteko" deia egin du, egungo euskal industriaren eskutik, "anbizioz eta errealismoz", eta, batez ere, "eguneroko ogia arriskuan jarri gabe". "Jateko gauzekin ez da jolasten. Aberastasuna sortzen ez badugu, miseria banatuko dugu", ohartarazi du.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EAJren Bizkaiko hautagaitza aurkezteko ekitaldian parte hartu du Pradalesek, Barakaldoko Los Hermanos parkean. Itxaso Atutxa BBBko presidentea eta Amaia del Campo Barakaldoko alkatea ere izan dira bertan.

Hautagai jeltzaleak "laborategiko" populismoaren diskurtso "arriskutsuekin" kontuz ibiltzeko eskatu du, "guztiak publikoa eta publikoa bakarrik izan behar duela" diotenekin, politika "interbentzionista hutsak" direlako, bere hitzetan. "Adi ekimen pribatua, inbertsioa eta ekintzailetza arbuiatzen dutenekin", ohartarazi du.

Horren aurrean, "inbertsio publiko nahiz pribaturako baldintza egonkorrak" sortzeko beharraz aritu da, "arriskatu ahal izateko, ekiteko, enpresa eta kalitatezko enplegu berriak sortzeko, gure DNA industriala galdu gabe". 

"Datorren ekonomia berriak" eskaintzen dituen aukerak probesteko dei egin du, digitalizazioari, adimen artifizialari, trantsizio energetiko eta ekologikoari, nagusien ekonomiari eta ekonomia zirkularrari lotutakoak, "herri honetako enpresa txiki, ertain eta handiak babestuz, autonomoak eta kooperatibak babestuz, eta egunero, Euskadi altxatzeko, euren enpresako pertsiana altxatzen duten lantegi eta negozio guztiak lagunduz". 

Halaber, azpimarratu duenez, EAJk "argi" du "ongizatearen Euskadi berri bat" lortzea dela helburua, "Euskadi fidagarri eta globala herri honen etorkizuna aurrera egitea delako, hobera egitea, etsi gabe, lanaren eta ahaleginaren bitartez, ameskeriarik gabe, bete dezakegun hura soilik hitz emanez, beste batzuek gure arazoak konpon ditzaten espero gabe", ziurtatu du. 

Horretarako, jeltzaleek "laneko buzoa" berriro jantzi, eta, "kudeaketan dugun eskarmentuarekin", "erronka berriei aurre egingo diegu", esan du. "Prest gaude, EAJko belaunaldi berri hau prest gaude Euskadi hobetzeko. Ez gara konformatzen, ez gara ezer egin gabe geratuko. Euskadigatik aurpegia ematea dagokigu berriro, lan egitea eta arriskatzea", azpimarratu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Barakaldo EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales