Politika -

Eusko Legebiltzarra

Lehendakariak legealdiaren "balorazio ona" egin du, oposizioaren kritikak ukatuta

Agur kutsua izan duen kontrolerako saioan, PSE-EErekin duen "aliantza baztertzailea" alboratu eta subiranismoaren alde egin dezala eskatu dio EH Bilduk Iñigo Urkulluri. PPk eta Voxek, bestalde, Osakidetzaren edo Ertzaintzaren kudeaketa "kaskarra" kritikatu dute.

Lehendakaria, Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: @PVasco_EuskoL
Lehendakaria, Legebiltzarrean.
Lehendakariari agur esateko baliatu dute gaurko kontrol saioa

0:32

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Arazoak eta kritikak ukatu gabe", amaitzear den legealdiaren "balorazio ona" egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, oposizioak Eusko Legebiltzarrean egin dizkion hainbat galderari erantzunez. 

Kontrolerako saioa egin dute gaur EAEko ganberan, eta baliteke hauteskundeen aurreko azkena izatea, bozetarako datarik ez dagoen arren. Bilkuran agerikoa izan da agur eta hauteskunde giroa. Hala, PP eta Vox alderdiek legealdiaren inguruko balantzea eskatu diote lehendakariari, eta EH Bilduk hauteskundeen ostean indar subiranisten gorakadak izan beharko lituzkeen ondorioei buruz galdetu dio. Erantzunean, "behar baino arinago datozen despedidak" aipatu ditu lehendakariak, ironiaz.

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea izan da galdetzen lehenetarikoa, hauteskundeei begira jarrita. Kortajarenak EAJren eta PSE-EEren "aliantza baztertzailea" kritikatu du, eta esan du ez duela balio ezkerreko politika subiranistak egiteko. Horren aurrean, inkestek aurreikusten duten abertzaletasunaren gorakadaren aurrean, "burujabetzaren aldeko apustua" egiteko eskatu dio lehendakariari. "Garaiek eskatzen duten aldaketa ezingo da egin burujabetza barik", ohartarazi du, eta Estatuarekin harreman berdinzaleago bat izateko, aurrena "hemen ados jartzeko beharra" nabarmendu du.  

Erantzun gogorra eman dio lehendakariak Kortajarenari. Horren arabera, EH Bilduk inposatu egiten du "norekin goberna daitekeen eta norekin ez, behinola sobran zegoena nor zen agintzen zuen indarkeriazko estrategia babesten zuen bezala". Urkulluren iduriko, koalizio abertzaleak "komeni zaiona defendatzen du beti", ezker abertzalearen "betiko ereduari" jarraiki: "Besteei dena eskatu, eta norberari gutxienekoa". 

Urkulluk ''norekin goberna daitekeen eta norekin ez erabakitzea'' egotzi dio EH Bilduri
Urkulluk ''norekin goberna daitekeen eta norekin ez erabakitzea'' egotzi dio EH Bilduri
Urkulluk ''norekin goberna daitekeen eta norekin ez erabakitzea'' egotzi dio EH Bilduri

0:47

PP: "Ameskeria izan da dena"

Bere txandan, Jaurlaritzak Osakidetzan egindako kudeaketa kritikatu du Carlos Iturgaiz PPko legebiltzarkideak. "Hain izan da txarra, ezen zureek ere aitortu dute", esan du Imanol Pradales EAJren lehendakariagaiak Osakidetza "humanizatzeko" beharraz egindako adierazpenei erreferentzia eginda. "Pradales jauna zure gobernua higatzeko tematuta dagoen oposizioaren parte al da?", galdetu dio. 

Iturgaizen aburuz, "kudeaketa bikainaren eta perfekzioaren oasiaren ziria sartu nahi izan ziguten, baina ameskeria izan da dena". 

Erantzunean, kritikak egotea "naturala" dela esan du Urkulluk, "kritikak eraikitzaileak direnean zerbitzua hobetzen laguntzen dute", erantsi du. Iturgaizen adierazpenen aurrean, hainbat datu eman ditu lehendakariak, besteak beste, % 6,3ko langabezia tasarena, barne produktu gordinaren hazkundea, Euskadin izandako bederatzi milioi gaualdiena eta eskola uzteko tasa "inoizko minimoetan" dagoela. 

Soziometroak emandako beste datu bat ere aipatu du. Horren arabera, EAEko herritarren % 73k "Jaurlaritzan konfiantza" dute. "Nire ondorioa da konfiantza hori indartzen jarraitu behar dugula, eta horretan egingo dut lan azken egunera arte", gaineratu du. 

Legebiltzarrean lortutako "adostasuna" nabarmendu du Urkulluk

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak ere balantzea egiteko eskatu dio lehendakariari, "legealdia bere hondarrean" dagoen honetan. Horren ustez, pandemia eta Ukrainako gerra ezin dira "aitzakia gisa" erabili balorazioa egiteko. 

Ihardespenean, autokritika eskatzea baina "inoiz ez egitea" egotzi dio Urkulluk Voxi, eta berak "autoexijentzia" praktikatzen duela esan du. Urkulluren aburuz, Jaurlaritzaren jardunak "adostasuna" izan du lege, Legebiltzarrean gehiengo osoa izan arren. Horren adibide jarri ditu atzo ganberan onartutako hiru legeak, eta salatu du horietako batek "zuon kontrako botoa bakarrik" eduki zuela. 

Mendia: "Euskadi hobea itzuli dugu"

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak ere legealdiaren balorazioa egin du, Ekain Rico sozialistak eskatuta. Horren ustez, PSE-EEk emandako hitza bete du. "Pandemian inor ez da atzean geratu, eta politika erabilgarria egin dugu. Aurkitu genuena baino Euskadi hobea itzuli dugu", azpimarratu du. 

Idoia Mendia: ''Aurkitu genuena baino Euskadi hobea uzten dugu''
Idoia Mendia: ''Aurkitu genuena baino Euskadi hobea uzten dugu''
Idoia Mendia: ''Aurkitu genuena baino Euskadi hobea uzten dugu''

0:33
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi