Politika -

POLEMIKA

Alberto Garzonek uko egin dio Jose Blanco eta Alfonso Alonsoren Acento aholkularitza enpresan lan egiteari

Espainiako Kontsumi ministro izandakoak azaldu duenez, duela gutxira arte alderdikide izan dituenei eta militanteei kalte ez egiteko hartu du erabakia.

Alberto Garzon Espainiako Kontsumo ministro ohia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Alberto Garzon Espainiako Kontsumo ministro ohia, artxiboko irudi batean
Alberto Garzon Espainiako Kontsumo ministro ohia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Garzon Espainiako ministro ohi eta IUko buruzagi ohiak iragarri du azkenean uko egin diola Jose Blanco (PSOE) eta Alfonso Alonso (PP) ministro ohiak buru dituen Acento aholkularitza enpresan lan egiteari, berak duela gutxira arte parte hartu duen espazio politikoan ez dutelako erabakia ulertu.

X sare sozialean argitaratu duen gutunean azaldu duenez, "hainbeste denbora eta energia eskaini" dien erakunde politikoei kalte ez egiteko erabaki du atzera egitea.

Garzonen arabera, duela gutxi alderdikide izan dituenei eta militanteei kalte egin diezaiekela iritzita, azkenean ez du Acento aholkularitza taldearentzat lan egingo.

Espainiako Gobernuaren txosten baten zain zegoen lanean hasteko, interes gatazka bat egon zitekeen ala ez ebatzi behar baitzuen.

Garzonek onartu du albisteak "zalaparta" handia eragin duela "ezkerreko ekosisteman", hots, Izquierda Unidan, Unidas Podemosen eta Sumarren.

Bestalde, Garzonek uste du ezkerrak "hausnartu" egin behar duela, bere kasuan bezala, bizitza proiektu kolektiboei eskaini dieten pertsonen inguruan. Aldi berean, ezkerreko joera "toxiko" eta "inkisitorialak" atzean utzi behar direla azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Izquierda Unida Espainia argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea