Politika -

legealdiaren amaiera

Eusko Legebiltzarrak legealdiko azken hiru arauak onartuko ditu gaur

Horrenbestez, jardun legegilea azken fasean sartuko da. Gainera, hiru transferentziak eskualdatzeko batzorde teknikoaren bilera "berehala" deituko dute, Jaurlaritzak aurreratu duenez. Hala, lehendakariak itxitzat eman ditzake bozak deitu aurretik hartutako konpromisoak.

Lehendakaria, Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE
Lehendakaria, Legebiltzarrean.
Lehendakaria, Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak legealdi honetako azken hiru legeak izan daitezkeenak onartuko ditu gaur. Gainera, EAEra eskualdatzeko dauden hiru transferentzien negoziazioak "norabide onean" doaz, eta Eusko Jaurlaritzak aitortu du "aurki" gauzatu daitezkeela. Hori horrela, Iñigo Urkullu lehendakariak egintzat eman ditzake legealdiari amaiera emateko ezarritako konpromisoak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen data gertuago egon liteke, hortaz. 

Emankorra izango da, dudarik gabe, gaurko osoko bilkura. EAEko ganberak hiru lege onartuko ditu: Haur eta nerabeena, Lankidetzarako eta elkartasunerakoa eta pertsona transexualen eskubideak aitortzeko araudiaren erreforma. Hirurak babes handiarekin aterako dira aurrera, Jaurlaritza osatzen duten bi taldeen baiezkoa ez ezik, gutxienez oposizioko talde batena ere izango dutelako. Lehenengoaren kasuan, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin akordioa erdietsi dute EAJk eta PSE-EEk. Bigarrenak are babes zabalagoa izango du oposizioko hiru talderen (aipatu bi koalizioak eta PP) adostasuna lortu baita. Hirugarrenaren alde egingo dute EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk. 

Hiru horiek onartuta, 59 izango dira guztira Eusko Legebiltzarrak legealdi honetan aurrera ateratako legeak. Onartutako legeen % 75 oposizioaren talderen baten babesarekin onetsi dute. Bada, dena den, hurrengo legegintzaldirako geratuko den araudirik: Gardentasunaren lege egitasmoaren izapidetzea hilabete hasieran abiatu zuen ganberak, eta ia ziurra da ez dela hura onartzeko astirik izango. 

Hiru transferentziak, gertuago

Bien bitartean, urte hasieran eskualdatu behar ziren hiru transferentzien negoziazioa azken fasean egon liteke. Izan ere, Jaurlaritzako iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez, hiru transferentziak eskualdatzeko batzorde teknikoaren bilera "berehala" deituko dute. 

Hala aitortu zuen asteartean Olatz Garamendi Eusko Jaularitzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. 

Nabarmendu zuenez, EAJk Pedro Sanchezekin hitzartutako presazko transferentziak "ondo bidean" dira. Zehazki, aipatu zuen "oso aurreratuta" daudela aldiriko trenen eskualdatzea eta atzerriko unibertsitate tituluen homologazioaren ingurukoa. "Laster iragarriko ditugulakoan nago", erantsi zuen. 

Hirugarrena, errefuxiatu izaera aitortuta duten pertsonen harrerari dagokiona, "apur bat astiroago" doala onartu zuen Garamendik, baina batzorde teknikoa otsailean bilduko den itxaropena agertu zuen. 

Zentzu berean mintzatu da bart Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria Radio Euskadiko "Ganbara" saioari eskainitako elkarrizketan. Horren hitzetan, otsaila "hilabete gako" izango da. "Otsaileko azken astean edo martxoko lehenean itxiko dugun, ez dakit. Baina garrantzitsuena edukia da", nabarmendu du. Ohartarazi duenez, ordea, edozein eskuduntza izorratzen saiatzeko "frankotiratzaileak" egongo dira, eta berme juridiko guztiekin onartzeko deia egin du. 

Gauzak horrela, Iñigo Urkulluren gobernuak martxan jar lezake hauteskundeetarako atzera kontaketa

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak EAEko Autonomia Estatutua