Politika -
1976KO SARRASKIA
Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioa ostegunean eratuko dela baieztatu du Eusko Jaurlaritzak
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Gogora institutuaren eta Martxoak 3 Elkartearen arteko hitzarmenari. Zehazki, asteazkenean sinatuko dute, fundazioa eratu bezperan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimak omentzeko zentroa bultzatzeaz arduratuko den Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioa ostegun honetan eratuko dela baieztatu du gaur Eusko Jaurlaritzak.
Otsaila hasieran Radio Euskadik aurreratu zuen otsailaren 15ean erregistratuko dutela Martxoak 3 Memoriala Fundazioa bertan parte hartuko duten erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia, Gasteizko Udala eta Gasteizko Elizbarrutia). Gaur, Nerea Melgosak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Martxoaren 3ko Fundazioa eratzeko eskritura ostegunean sinatuko duela iragarri du.
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Gogora institutuaren eta Martxoak 3 Elkartearen arteko hitzarmenari. Sinadura ekitaldia asteazkenean, 18:00etan, izango da Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza nagusian.
1976ko martxoaren 3an Gasteizko San Frantzisko elizan langile batzarra egiten ari zirela Polizia Armatua tiroka sartu eta bost langile hil eta 100 bat zauritu zituen. Biktimok gogoan hartzeko eta omentzeko gune izango da, horrenbestez, San Frantzisko elizan paratuko duten memoria zentroa.
Bestalde, 2025ean eta 2026an egingo dituzte San Frantzisko eliza memoriagune bihurtzeko lanak.