Politika -

BIDEGI AUZIA

Azpeitiko epaitegiak, behin-behinean, artxibatu egin du Bidegi auziko lehen kereila

Instrukzio epailearen arabera, ez da frogatu AP-1 autobideko lanetan diru publikoa bidegabe erabili izana. Halaber, akusazioak aurkeztutako txostenak "erlatiboak" eta "osatugabeak" direla ebatzi du.

AP-1 autobidea, artxiboko argazki batean. Argazkia: Bidegi
AP-1 autobidea, artxiboko argazki batean
AP-1 autobidea, artxiboko argazki batean. Argazkia: Bidegi

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azpeitiko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak, behin-behinean, artxibatu egin du Bidegi auziko lehen kereila. AP-1 autobideko obretan diru publikoa bidegabe erabili zela eta gainkostuak egon zirela salatu zuen EH Bilduk 2014an, eta horrek Foru Aldundiari kalte ekonomikoa eragin ziola.

Bederatzi urteren ostean, instrukzio epailearen iritziz, ez dago frogatuta inolako deliturik egin izana (diru publikoa bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea), hura dokumentatzeko aurkeztutako txostenetan oinarrituta.

Epailearen autoaren arabera, akusazioak aurkeztutako txostenak "erlatiboak" eta "osatugabeak" dira, eta egiaztatutzat jo du obraren azken likidazioan ez zela diru publikoaren desbideratzerik egon.

Orain, Azpeitiko epaitegiak lehen kereila behin-behinean artxibatzea erabaki du, beste kereilarekin egin bezala. Orduan, EH Bilduk helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta bigarrenarekin ere gauza bera egin dezake.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren balorazioa

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean zabaldu duen oharraren arabera, Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuaren ustez, prozesu honen itxiera gertuago dago. Ebazpenak "Aldundiaren eta Bidegiren funtzionamendu ona eta zuzentasuna berretsi du", horren iritzian, eta baita "AP-1aren eraikuntza bultzatu zuten arduradun tekniko eta politikoena ere".

"Bederatzi urte luzeren ondoren, aurkari politika kaltetzea besterik bilatzen ez zuen prozesu baten amaierara hurbiltzen ari gara, erreparatu ezin den kaltea eragin diena pertsona gehiegiri", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Epaiketak EH Bildu Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Auto-ilarak AP-1ean Delituak