Politika -
HAUTESKUNDEAK
EH Bilduk Ima Garrastatxu proposatu du Bizkaiko zerrendaburu izateko
Gipuzkoako zerrendaburua Nerea Kortajarena izango da, eta Arabakoa, Pello Otxandiano, EH Bilduren lehendakarigaia ere izango dena. Nolanahi ere, koalizioaren oinarrien azken berrespena behar dute hautagaitzok.
EITB MEDIA
Bizkaiko Mahai Politikoak berretsi egin du Hegoaldeko Mahai Politikoak egindako proposamena, eta Ima Garrastatxu izango da EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, koalizioak ohar bidez jakinarazi duenez. Orain, koalizioaren oinarrien azken berrespena falta da, eta horretarako bozketa otsailaren 15, 16 eta 17an egingo dute. Bihar arteko epea dute hautagaiak aurkezteko.
Ima Garrastatxu Urbaneja (Trapagaran, 1963) Durangoko alkatea izan zen aurreko legealdian (2019-2023), eta koalizio gobernua osatu zuen Podemosekin lotutako tokiko hautagaitza batekin. Iazko udal hauteskundeetan ere bere hautagaitza izan zen bozkatuena, baina EAJk eskuratu zuen alkatetza, PSE-EEkin akordioa lortuta eta PPren babesari esker.
Informazio Zientzietan lizentziaduna da, eta egun, Bizkaiko Foru Aldundian ari da lanean Garrastatxu, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailean, karrerako funtzionario gisa.
Gipuzkoako zerrendaburua Nerea Kortajarena izango da, eta Arabakoa, Pello Otxandiano, EH Bilduren lehendakarigaia ere izango dena.