Politika -
EITB Focus
EAJ eta PSE-EEren boto-emaileak ituna berritzearen alde; EH Bildurenek, berriz, EAJrekin ituna egitea nahiago
Balizko itunen inguruan ere galdetu du EITB Focusek.
EITB Media
EAJren eta PSE-EEren boto-emaileak egungo gobernu ituna berritzearen aldekoak dira, EITB Focus inkestak jaso duenez. EAJren hautesleen % 42,7 agertu dira aukera horren alde, eta PSE-EEren boto-emaileen % 50,5ek babestu dute koalizioa errepikatzeko aukera. EAJren eta EH Bilduren arteko ituna, berriz, koalizio abertzaleko hiru boto-emailetik batek du gogokoen; EH Bilduren hautesleen % 32,5ek egingo lukete horren alde.
Hautesleei dagokienez, jeltzaleen jarraitzaleak euskal sozialistekin akordioa berritzearen alde agertu dira, ia erdiek (% 42,7) babestu baitute aukera hori. % 23,2k, berriz, nahiago dute akordioa EH Bildurekin egin.
EAJren eta EH Bilduren arteko ituna koalizio abertzaleko hiru boto-emailetik batek hautatuko luke. % 32,5ek batasun horren alde egingo lukete, EITB Focusen arabera. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen arteko balizko koalizioa bigarren aukera litzateke EH Bilduren boto-emaileentzat. % 16,8 dira horren aldekoak.
Botoa PSE-EEri ematen dioten boto-emaileen erdiek nahiago dute EAJrekin koalizioa osatzea, eta % 6,5 bakarrik agertu dira PSE-EEren eta EH Bilduren arteko balizko akordio baten alde.
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).
Galdeketak urtarrilaren 24tik 29ra egin zituzten, telefonoz.
Ikerketari buruzko zehaztasun sakonagoak edo beste adierazle estatistiko batzuk ezagutzeko, kontsultatu PDF osoa.