Politika -
GUGGENHEIM URDAIBAI
Lehendakaria, Guggenheim Urdaibai proiektuaz: "Ez dut ez baieztatu, ez ezeztatu, ez ezer zalantzan jarri"
Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, Eusko Jaurlaritza eta bera Busturialdea eskualdeari eta Urdaibairi "benetako bultzada" ematearen aldekoak dira, "aukera berriak sortzeko".
AGENTZIAK | EITB Media
Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan ez duela ezer "baieztatu", "ezeztatu" eta "ezer zalantzan jarri" nabarmendu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak.
Elkarrekin Podemos-IUk azpiegitura horri buruz galdetu dio lehendakariari, EAJren barruan iritzi "kontrajarriak" daudelakoan. Gainera, proiektua bertan behera uztea defendatu du, arrazoi ekologikoengatik eta "masa turismoa" sustatuko duelako "eskualdearen beharrei erantzun gabe".
"Nik ez dut ez baieztatu, ez ezeztatu, ez ezer zalantzan jarri nik neronek", adierazi du lehendakariak. Ildo horretan, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera urtarrilean esandakoa berretsi du, hau da, Guggenheim Bilbao Museoaren patronatuak bi urteko hausnarketa egingo duela Urdaibaiko azpiegiturak aurrera jarraituko duen ala ez erabakitzeko.
Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, Eusko Jaurlaritza eta bera Busturialdea eskualdeari eta Urdaibairi "benetako bultzada" ematearen aldekoak dira, "aukera berriak sortzeko".
Bestalde, lehendakariak azpimarratu du EAJren eta PSE-EEren talde parlamentarioek legez besteko proposamena aurkeztu zutela ostiralean, Busturialderako plan estrategikoa gauzatzeko. "Gobernu hau proposamen horretan jasotzen diren jarduera guzti-guztiak martxan jartzearen alde dago, onurak besterik ez baitituzte ekarriko, bai eskualderako eta baita gure herrirako", gaineratu du.