Politika -
EITB Focus
Pradales, Otxandiano eta Gorrotxategi, ondoen baloratuenak
Lehendakaritzarako zazpi hautagaietatik hiruk gainditua lortu dute herritarren balorazioari dagokionez, EITB Focus inkestak jakitera emen duenez. Hala, EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko zerrendaburuek 5etik gorako nota jaso dute aipatu inkestan.
eitb media
Nota onena Imanol Pradalesek, jeltzaleen hautagaiak, izan du, 5,6koa han zuzen ere. Oso gertutik jarraitzen dio Pello Otxandianok (EH Bildu), 5,4ko balorazioarekin. Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemosen apustuak, 5 puntuko nota jaso ditu.
Eneko Anduezak, PSE-EEko zerrendaburuak, 4,9ko balorazioa dauka, eta Alba Garciak, Sumarreko lehendakarigaiak, 4,7koa.
Urrunago, Javier de Andresek (PP) 2,5eko nota izan du inkestan, eta Voxeko hautagaiak, Amaia Martinezek, 1ekoa.
Euskal alderdiek aukeratutako hautagaiak ezagutzen dituzten ala ez galdetuta, hamarretik seik (% 58k) Imanol Pradales EAJko zerrendaburua ezagutzen duela erantzun du. Pello Otxandiano, bigarren, herritarren % 54,7k ezagutzen dute, Eneko Andueza % 53,9k eta Miren Gorortxategi % 53,2k.
Horrez gain, % 44,7k erantzun dute Javier de Andres popularren hautagaia ezagutzen dutela, % 30,9k Voxen zerrendaburua eta, azkenik, % 24,8k Alba Garcia, Sumarreko ordezkaria, nor den badakitela.
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (600 Lurralde Historiko bakoitzeko).
Galdeketak urtarrilaren 24tik 29ra egin zituzten, telefonoz.
Ikerketari buruzko zehaztasun sakonagoak edo beste adierazle estatistiko batzuk ezagutzeko, kontsultatu PDF osoa.