Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
BNGren botoa mobilizatzea giltzarri izango dela uste du Beirasek, PPk Galizian gehiengoa ez lortzeko
BNGren sortzaile eta buruzagi historikoa izandakoaren arabera, otsailaren 18ko hauteskundeetan PPk gehiengo absolutua ez errepikatzeko "aukera" bat dago.
EITB Media
Gauerdian abiatuko da hauteskunde kanpaina Galizian, eta inkesten arabera, PPk Xunta galtzeko egiazko aukerak daude. Xose Manuel Beiras BNGren sortzaile eta buruzagi historikoa izandakoaren arabera, litekeena da PPk gehiengo osoa galtzea otsailaren 18ko hauteskundeetan, eta Galizian gobernu aldaketa egotea. Edozein kasutan, aukera hori posible izan dadin BNG (Bloke Nazionalista Galiziarra) alderdiko botoa mobilizatzea "oso garrantzitsua" izango dela uste du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, litekeena da BNGk botoetan gora egitea eta PSG-PSOE berdin mantentzea. "Ikusteko dago, zalantzan daudenen botoa aktibatzearen eta beste hainbat aldagairen araberakoa izango da", gehitu du. Halaber, PPko "boto gatibu" asko dagoela nabarmendu du.
Bestalde, Beirasek gogor hitz egin du Sumar eta Podemos alderdiek ordezkatzen duten Espainiako ezkerraren aurka. Beiraren ustez, Espainiako hauteskundeetan "zentzua galdu" eta "ikuskizuna" eman zuten, eta eskuinari lana "erraztu" zioten. Horren iritziz, baliteke Sumar Galiziako Parlamentuan sartzeko beharrezkoa den % 5eko langara ez iristea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruz galdetuta, Beirasek EH Bilduk azken 10 urteetan egindako "ibilbide aparta" nabarmendu du, eta koalizio subiranistaren "gorakada" iragarri du.