Politika -
Amnistia Legea
Kongresuak datorren astean finkatuko du Amnistiaren Legea berriro negoziatzeko epea: hilabete edo 15 egun.
Legea Justizia Batzordera itzuliko da, PSOEren eta Parlamentuko kideen artean negoziatua izateko, bereziki Junts alderdiarekin.
EITB Media
Kongresuko Mahaiak datorren asteartean erabakiko du talde parlamentarioek Amnistia Legeren proposamenean aldaketak egiteko izango duten epea: 15 egunekoa edo hilabetekoa.
Legea Justizia Batzordera itzuliko da, eta atzera berriz PSOEk testuaren edukia negoziatu beharko du taldeekin, bereziki, Junts koalizioarekin. Azken hori izan zen, atzo, lege proposamenak aurrera egitea galarazi zuenetako bat, PP, Vox, CC eta UPN alderdiekin batera.
Joan den astean, Justizia Batzordeak legearen txostena onartu zuen, PSOEk ERCrekin adostutako zuzenketekin. Testu horrek Juntsen babesa izan zuen orduan.
Nolanahi ere, orain Carles Puigdemonten alderdiak adierazi du lege proposamen hori ez dela nahikoa, eta amnistia kasu guztietan blindatu ahal izateko zuzenketak aurkeztu ditu. Izan ere, azken egunetan Juan Manuel Garcia Castellon epaileak Amnistia Legeak aurreikusten ez dituen delituak atzeman ditu CDR eta Tsunami Democratic taldeen protestetan, eta Bartzelonako epaile batek atea ireki du Generalitateko buru ohiari "goi mailako traizioa" egozteko.
PSOEk, baina, uko egin die Juntsen eskakizunei, Auzitegi Konstituzionalaren beldur.
Hemendik aurrera, Kongresuaren Araudiko 131.2 artikuluari jarraiki, lege proposamena Justizia batzordera itzuliko da, eta taldeek aldaketak aurkeztu ahal izango dituzte, transakzio-zuzenketen bidez.
Horretarako epea hilabete batekoa izango da gehienez jota, baina Ganberako Mahaiak 15 egunera labur dezake, auzia premiazkoa dela erabakitzen badu. Horren ostean, Behe Ganberak berriz ere bozkatuko du Amnistia Legea.
Agertoki horrekin, negoziazioak otsailaren 18an egitekoak diren Galiziako hauteskundeak baino egun gutxi batzuk lehenago edo geroago ere izan daitezke.