Politika -
Eusko Legebiltzarra
Trantsizio energetikoaren legeak azken-aurreko izapidea gainditu du, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren babesarekin
Proiektuak Ingurumen Batzordearen oniritzia jaso du, Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren aurkako botoarekin. Legea behin betiko onartuko da Legebiltzarraren hurrengo osoko bilkuran.
EITB Media
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako trantsizio energetikoaren eta aldaketa klimatikoaren legeak azken-aurreko tramitea gainditu du gaur Eusko Legebiltzarrean, proiektuaren txostena batzordean onartuta.
Proiektuaren txostena gaur onartu du Legebiltzarreko Ingurumen Batzordeak, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin. Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk, aldiz, aurka bozkatu dute.
Legearen behin betiko onarpena Legebiltzarreko Osoko Bilkuran egingo da, non jeltzaleek, subiranistek eta sozialistek 62 ordezkari dituzte, 75 eserlekutatik.
Batzordean egindako eztabaidan, Unai Grajales EAJko legebiltzarkideak esan du Gobernua osatzen duten alderdien eta oposizioko indar nagusiaren arteko akordioa horiek "nahiaren eta errealitatearen arteko oreka" bilatzeko izan duten "konplizitatearen" ondorio dela.
EH Bilduren aldetik, Mikel Otero pozik agertu da akordioarekin, legea "beharrezkoa, errealista eta ona" delako. "Ez dugu esango perfektua denik, baina lege ona da", erantsi du, eta, horren ostean, ziurtatu du koalizioak hasierako dokumentuari egindako ekarpenek proiektua "eraldatu" dutela, "beste lege bat" izateraino.
Alberto Alonso PSE-EEko ordezkariak gogorarazi duenez, "ikerketa soziologiko guztiek ohartarazten digute herritarrak beldur direla klima-aldaketaren aurrean, eta erakundeei begiratzen dietela erantzunen bila". Ildo horretan, nabarmendu du, adostasunarekin, "mezu argia" bidaltzen diotela gizarteari, "erantzukizuna beste edozein interesen aurretik jarriz", krisi klimatikoaren aurrean "asmo handiko ibilbide-orria" diseinatzeko.
Gustavo Angulo Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak faltan bota du dokumentuan jasotako helburu eta neurrietan "anbizio" handiagoa. Adibide gisa, azaldu du legeak 2030erako CO2 isuriak % 33 murrizteko xedea ezartzen duela 1990. urtearekin alderatuta, Europar Batasunak "helburu hori bera % 55era igo duenean".
Azkenik, Carmelo Barrio PPko ordezkariak iturri berriztagarrietatik datozen energia instalazioen proiektu berriei "kanon bat ezartzea" kritikatu du. Alderdi Popularreko legebiltzarkideak salatu duenez, figura hori "segurtasun juridikoaren aurka doa"; izan ere, ez dago txosten tekniko, juridiko eta ekonomikorik "eragin" edo irismenari buruz.