Politika -

EAJ-PNV

Imanol Pradales: "Ongizatearen Euskadi berria gidatuko dugu, arima eta ahots propioa izango dituena"

Imanol Pradales aldarrikatu dute, aho batez, hauteskunde autonomikoetarako lehendakarigai. EAJ-PNVren Aberri Batzarrak EAJk hauteskunde autonomikoetarako aurkeztuko dituen zerrendak onartu ditu Landako Gunean (Durango).

Landako, gaur, Pradalesen hitzartze amaieran. EFE
Landako, gaur, Pradalesen hitzartze amaieran. EFE
''Euskadi hobe baten alde indar berriekin lan egiteko'' prest azaldu da Imanol Pradales

0:29

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales da, ofizialki, EAJren lehendakarigaia datozen hauteskunde autonomikoetarako. Alderdiaren Aberri Batzarrak aho batez aldarrikatu du gaur, Durangon, Pradalesen hautagaitza.

Era berean, Euzko Alderdi Jeltzaleak lurralde-hautagaien zerrendak aurkeztu ditu. Pradales izango da Bizkaiko zerrendaburua, Bakartxo Tejeria izango da Gipuzkoako zerrendan aurrena, eta Joseba Diez Antxustegi, Arabako zerrendan. Halaber, alderdiak baieztatu du Oihane Agirregoitia izango dela jeltzaleen zerrendaburua Europako Parlamenturako hauteskundeetan.

Imanol Pradales (egun, Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatua) prest agertu da "ongizatearen Euskadi berri, seguru eta global bateranzko aldaketa" gidatzeko, "bere indar guztia Europan eta munduan hedatuko duena. Ongizatearen Euskadi globala, arima eta ahots propioa izango dituena munduan".

Hautagaiaren "ongizatearen eta askatasunaren agendan" ardatz izango diren elementuak zerrendatu ditu. Agenda horren "lehentasun nagusia osasun publikoa hobetzea" izango da, zaintza-sistemarik onena bermatzeaz gain; halaber, lehentasun izango ditu aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzea, bikaintasuneko hezkuntza, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna, eta gazteen emantzipazioa eta etxebizitza, baita segurtasuna eta euskara sustatzea ere.

"Ezustekoak soberan eta segurtasuna faltan ditugun mundu mailako testuinguru honetan, Europan eta munduan euskal herritarren interesak defendatuko dituzten sare eta aliantza berriak" eraikitzearen alde agertu da: "Euskadik bere eragina globalizatu behar du. Presentzia politiko, ekonomiko eta sozial handiagoa behar du nazioarteko agertokian, erakunde multilateraletan, sare globaletan".

Aldi berean, "Euskadi errealaren arazo erralei irtenbide zehatzak bilatzeko" deia egin du, desberdinarekin adostuz eta gizartea gehiago inplikatuz. "Hitz egitea, negoziatzea eta adostea da bide bakarra. Gobernatzea kudeatzea da, lehentasunak ezartzea, erabakiak hartzea, eta lankidetzan aritzea", esan du.

Azkenik, Pradalesek "autogobernu gehiago eta hobea" lortzeko konpromisoa agertu du, "Euskadi bere etorkizunaren jabe izan dadin".

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ziurtzat jo du EAJren garaipena datozen hauteskundeetan, eta "inoiz baino gehiago" mobilizatzeko eta "posizionamendua kendu" nahi dietenen aurrean "aldea markatzeko" deia egin die bere oinarriei. Halaber, azpimarratu du alderdi jeltzalea ez dela "ez paralisia, ezta iraultza ere", baizik eta "eboluzioa, hobera". 

Txalo zaparrada jaso du Urkulluk EAJk larunbat honetan Durangon egindako Aberri Batzarrean
Txalo zaparrada jaso du Urkulluk EAJk larunbat honetan Durangon egindako Aberri Batzarrean
Txalo zaparrada jaso du Urkulluk EAJk larunbat honetan Durangon egindako Aberri Batzarrean

1:10
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV EAEko hauteskundeak Hautagaiei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak gaur Imanol Pradales