Politika -
BOTERE JUDIZIALAREN BERRITZEA
Europako Batzordeak Bolaños eta Pons deitu ditu, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berritzeari heltzeko
Didier Reynders EBko Justizia komisarioak proposatu du lehen hitzordua urtarrilaren 31n izatea, Bruselan.
AGENTZIAK | EITB Media
Didier Reynders Europar Batasuneko Justizia komisarioak PSOEren eta PPren artean bitartekaritza lanak egitea onartu du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berritzeari heltzeko. Izan ere, Botere Judizialaren gobernu-organo nagusia 2018tik dago berritu gabe. Gauzak horrela, EBko Justizia komisarioak Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroa eta Esteban Gonzalez Pons PPko komunikazio idazkariordea bilera batera deitu ditu datorren asteazkenean (urtarrilak 31) Bruselan.
Hiruko aldeko bilerak datorren astean hasiko dira eta gehienez bi hilabeteko epean amaitu beharko lukete. Gainera, Didier Reyndersek bere gain hartuko du negoziazio horien gidaritza.
Reyndersek gutun baten bitartez adierazi zien ardura hori bere gain hartzeko prest zegoela Bolañosi eta Gonzalez Ponsi.
EBko Justizia komisarioaren arabera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren blokeoarekin amaitzeko elkarrizketa egituratu batean parte hartzeko prest dago. Hala ere, ez du zehaztu zenbat bilera egingo diren, ezta Belgikako hiriburuan egingo den lehen biilera horren ondorengoan noiz egingo diren.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak iazko urtearen amaieran adostu zuten Europako Batzordeak gainbegiratu behar zituela Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko elkarrizketak.