Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Zerrenda bozkatuenak gidatu beharko luke Eusko Jaurlaritza, Otxandianoren arabera

EH Bilduko lehendakarigaiak atea ireki dio EAJrekin gobernatzeko aukerari, Iruñeko Udalean edo Nafarroako Gobernuan gertatzen den bezala. Halaber, uste du PSE-EEk zailtasunak dituela "garai berrietara egokitzeko".

Pello Otxandiano Radio Euskadin
Pello Otxandiano Radio Euskadin
Pello Otxandiano Radio Euskadin

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak uste du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan zerrenda bozkatuena denak gidatu beharko lukeela hurrengo Eusko Jaurlaritza. Aldi berean, atea ireki dio EAJrekin gobernatzeko aukerari, Iruñeko Udalean edo Nafarroako Gobernuan gertatzen den bezala.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, EH Bildu bada lehen indarra Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan koalizio subiranistak hartu beharko luke Eusko Jaurlaritzaren gidaritza, eta gauza bera EAJ baldin bada. Otxandianoren esanetan, hortik aurrera "era guztietako lankidetza gobernuak" edo "koalizio formulak" sortu daitezke, baita oposizioko talde bat gobernua kanpotik sostengatzea ere. Hortaz, aukerak anitzak direla uste du, beti ere, zerrenda bozkatuenak gidatzen badu.

Otxandianoren iritziz, "garai berri bat irekitzen ari da" eta Nafarroa eta Iruñea jarri ditu horren adibide. Ildo horretan, "eskuin erreakzionarioa" kanpoan uzten duen eta indar aurrerakoien artean "lankidetzarako espazioa" planteatzen duen ekuazio politikoa defendatu du.

Testuinguru horretan, Otxandianok uste du PSE-EEk zailtasunak dituela "garai berrietara egokitzeko". "Garai berri bat zabaltzen ari da, gidoia aldatu egin da eta egoera berrira egokitzeko gai izan behar dugu". Are gehiago, Otxandianoren ustez, Estatu mailan agenda plurinazionala kudeatzeko aukera zabaldu da eta horrek isla izan behar du euskal politikan ere. 

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, Otxandianok esan du EH Bildu "irabaztera" aterako dela, "anbizioarekin" eta lehen indarra izateko "bokazioarekin", baina hori herritarrek esan beharko dutela. "Gobernatzeko bokazioa duen indar politiko bat gara, eta uste dugu kontua ez dela boterea lortzea boterea edukitzeagatik; kontua da gobernu erantzukizunak hartzea eraldaketa prozesuak bultzatzeko, eta uste dut bultzada bat behar dela herrialde hau merezi duen eszenatoki batean jartzeko", adierazi du.

ETAk hildako Manuel Zamarreño zinegotziaren hilketa argitzeko gaur Auzitegi Nazionalean egingo den epaiketaz galdetuta, Otxandianok erantzun du ETAk bere erantzukizun politiko guztiak bere gain hartu dituela, eta orain estatu terrorismoaren eta torturen ardura izan zutenek gauza bera egitea falta dela.

Azkenik, Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaren inguruan ere hitz egin du eta esan du harriduraz ari dela jarraitzen azken egunetako albisteak. Halaber, lehendakariak herenegun esan bezala, adierazi du ez dakiela zein den proiektua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Hauteskundeak Euskadin 2024 EH Bildu Hautagaiak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hauteskundeak Pello Otxandiano albisteak