Politika -
GUGGENHEIM
EH Bilduk eskatu du Guggenheim Urdaibai proiektuaren luzapena eskualdearekin "adosteko" probestu dezatela
Casanovaren hitzetan, lehendakariak egindako iragarpenak "agertoki berri bat" irekitzen du, "prozesua luzatzeak hausnaketarako tartea ematen baitu".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaile Iker Casanovak galdegin du Guggenheim Urdaibai proiektuaren "luzapena" eskualdearekin "hitz egiteko" eta "adosteko" aprobetxa dezatela, "banaketa dakarren egitasmo bati buruz" ari direla iritzita. Ildo horretan, esan du itxaropena duela iragarpena "zuzenketa bat" izateko EAJren aldetik, eta ez "marketin estrategia bat".
Casanovak nabarmendu duenez, orain arte EAJko ordezkari nagusien ahotan ez da besterik entzun, "Urdaibaiko Guggenheim bai ala bai eraikiko zutela", proiektu "estrategikoa" zelako, eta ez zegoelako "atzera egiterik".
Horregatik, uste du atzo, astelehenarekin, lehendakariak eta Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanok egindako iragarpenak "agertoki berri bat" ireki duela, "gutxienez luzapena planteatzen delako, eta, horrenbestez, hausnartzeko denbora gehiago dagoelako".
Modu horretan, salatu du gaur arte "hierarkikoki" garatutako egitasmo bat izan dela, "goitik behera" egindakoa. "Etxea teilatutik hasi dira eraikitzen", esan du.
Busturialdeko herritarren gehiengoa alde edo kontra dagoen adierazi gabe, Casanovak ohartarazi du Guggenheim Urdaibai proiektuak "banaketa" eragiten duela, "jende asko dagoelako alde, baina beste asko dituelako aurka", "tartean PSE-EE bera".