Politika -

GUGGENHEIM URDAIBAI

Guggenheimari buruzko erabakia patronatuarena da eta ez du hauteskundeekin zerikusirik, Jaurlaritzaren arabera

"Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute ezer erabaki", azpimarratu du Bingen Zupiria bozeramaileak.

Bingen Zupiria, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Bingen Zupiria, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan
Urdaibaiko Guggenheim museoaren inguruko erabakiak patronatuak hartzen dituela azpimarratu du Jaurlaritzak

1:34

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur azpimarratu duenez, Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko proiektuaren inguruan bi urteko gogoeta zabaltzeko erabakia patronatuak hartu zuen pasa den abenduan. Horren esanetan, museoari buruzko erabakia patronatuarena da eta ez du zerikusirik aurten egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu ere badenak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dutela ezer erabaki, eta patronatuak abenduko bileran erabakitakoa jakinarazi besterik ez zutela egin.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Zupiriak esan duenaren arabera, bi urteko "hausnarketa epea" baliatuko dute proiektuaren garapenean aurrera egiteko, eta, besteak beste, kutsatutako lurzoruen inguruan, kudeaketa ereduan, eta hirigintza araudietan pausoak emateko. "Arlo horietan lan egiten jarraituko dugu proiektuaren inguruko behin betiko erabakia hartzeko", gehitu du.

Zupiriaren hitzetan, erabakia edozein dela ere, erreferentziazko esparru bikoitz bat kontuan hartuta egin beharko da. Batetik, patronatuak dagozkion erabakiak hartuko ditu eta, bestetik, lehendakaria eta ahaldun nagusiak Busturialderako plan estrategikoa bultzatuko dute.

Dena den, proiektu orok hiru helburu bete beharko dituela gogoratu du Zupiriak: ekonomia jarduerak eta enplegua sustatzea, Busturialdeko herritarren bizi kalitatea hobetzea, eta jarduera guztiak biosfera eta ingurumena errespetatuz eta bermatuz egitea.

Lehendakariak atzo iragarri zuen Bilboko Guggenheim museoaren patronatuak bi urteko hausnarketa egingo duela Urdaibaiko (Bizkaia) azpiegiturak aurrera jarraituko duen ala ez erabakitzeko.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Guggenheim albisteak Bizkaiko albisteak Eusko Jaurlaritza EAE gaur Artea gaur Gaurko titularrak Kultura Gaurko azken orduko albistea Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Urdaibai Bird Center