Politika -
KONGRESUA
Amnistia Legean "giza eskubideen urraketa larririk egin ez" duten terrorismo delituak jasotzea adostu dute
Juntsek eta PSOEk azken orduan adostutakoari esker, Tsunami Democraticen aferan zerikusia izan zuten kideak, adibidez, babestuago geldituko dira. Terrorismo delituak arautik kanpo geratuko dira "argi eta garbi eta zuzenean giza eskubideen urraketa larriak eragin badituzte".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Amnistia Legearen baitan terrorismo delituei buruzko testua moldatzeko erdibideko zuzenketa (zuzenketa transakzionala) adostu dute PSOEk eta Junts per Catalunyak. Iturri sozialistek aurreratu dutenez, itundutako aldaketak "joan den asteko ponentzian onartutako zuzenketa teknikoen bide beretik datoz" eta helburua "lehendik juridikoki argia den testuari, are argitasun handiagoa" ematea da. Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta Podemos taldeek ere babestu dute zuzenketa.
Sozialistek eta kataluniarrek azken orduan itxitakoari esker, Tsunami Democraticen aferan zerikusia izan zuten kideak babestuago geldituko dira. Alegia, terrorismo delitua leporatuta izan arren, giza eskubideen kontrako urraketa larriren bat egin ez dutenak amnistiatu ahal izango dira. Aldiz, terrorismo delituak arautik kanpo geratuko dira "argi eta garbi eta zuzenean giza eskubideen urraketa larriak eragin badituzte".
Kongresuan gaur egitekoa den Justizia Batzordearen bilerara sartu aurretik eman du akordioaren berri PSOEk. Besteak beste, taldeen zuzenketak aztertu eta bozkatuko dira gaurko saioan. PSOEren hitzetan, "amnistiak zigor arloan dituen ondorioei buruzko artikuluari argitasun eta zehaztasun handiagoa" eman zaio, eta epaileek zein magistratuek izan dezaketen ahalmena indartu egiten da, bereziki, "kautelazko neurriak kentzearen" inguruan erabaki behar badute.
Aldaketokin, sozialisten arabera, "urrats erabakigarria" emango da, Katalunian "bizikidetzan" eta "aro politiko berri baten irekieran" aurrera egiteko "lan politikoan eta juridikoan". "Akatsik gabeko Amnistia Legea bermatuta geratzen da, ikuspuntu teknikotik. Konstituzioarekin zein Europar Batasuneko Zuzenbidearekin guztiz bat dator", zehaztu dute.
Gaurko bozketa eta tramitea igarota, Amnistia Legea Kongresuko osoko bilkuran onartu beharko da.
Europar Batasuna
Bestalde, Europar Batzordeak gaur esan du "oso serio" hartu duela Amnistiaren Legearen azterketa, baina ez duela horri buruzko erabakirik hartuko, harik eta Espainiako Kongresuan behin betiko onartu arte. "Gure azterketa amaitu ahal izateko, dagoeneko onartuta dagoen lege batean oinarritu behar dugu, eta hori ez da oraindik gertatu", argitu du Julien Mousnier Zuzenbide Estatuari eta Oinarrizko Eskubideei buruzko arduradun europarrrak.
Halaber, Brusela "hasieratik" Espainiako agintariekin harremanetan dagoela adierazi du. Arauak "behin betiko forma" hartzen duenean erabakiko da Europako Zuzenbidean lekuan duen edo ez amnistia legeak.