Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Atutxaren hitzetan, bi urteko "geldialdiak" ez du Urdaibaiko Guggenheimen proiektua "etengo edo hoztuko"

Proiektua bideraezin bihurtzeko balizko aukeraz galdetuta, ez dio ezeri aterik itxi: "Aukera guztiak daude zabalik, baina oso zaila da hau guztia gaizki bukatzea. Denbora asko behar duten proiektuak dira, baina ez dituzte zertan traba gaindiezinak aurkitu".

Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxa
Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxa
Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxa

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak argi dauka: "Bi urteko geldialdiak ez du Urdaibaiko Guggenheimen proiektua etengo edo hoztuko". Horixe esan du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gaur, asteartearekin, egin dioten elkarrizketan.

"Denbora tarte handia behar da tramitazioetarako, bestela ezinezkoa da proiektuaren nazioarteko lehiaketa abiatzea, izapide horiek "oso luzeak" izan daitezkeelako. Ez da egitasmoa eten, hasiera batean zehaztutako bide beretik doa", nabarmendu du.

Lan horiek guztiek bi urte beharko dituztela azpimarratu ostean, argi utzi du geldialdi horrekin asmo dutela "egin beharrekoak egiteko denbora hartzea".

Proiektua bideraezin bihurtzeko balizko aukeraz galdetuta, ez dio ezeri aterik itxi: "Aukera guztiak daude zabalik, baina oso zaila da hau guztia gaizki bukatzea. Denbora asko behar duten proiektuak dira, baina ez dituzte zertan traba gaindiezinak aurkitu".

Halaber, argitu du bart Iñigo Urkullu lehendakariak iragarritako etenak ez duela "inolaz ere" interes elektoralekin zerikusirik.

Gaurkotasunetik aldendu gabe, baina gaia erabat aldatuta, EAEko hauteskunde autonomikoak hartu ditu mintzagai, eta aurreratu Imanol Pradales izan dela EAJk aurkeztutako hautagai bakarra. "Larunbatean egingo dugun asanbladan hautatuko dugu lehendakarigai", erantsi du.

Hautagaitzei buruz adierazi du egia dela "aire berriak" dakartzatela, "baina alderdiak betikoak gara, ezagunak". Euskal gizartearen kultura politikoa handia dela iritzita, BBBko presidenteak garbi du herritarrak alderdi baten edo bestaren alde erabakitzeko gai izango direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Guggenheim Bizkaia Artea Eguneko albisteak Albisteak Urdaibaiko Biosfera Erreserba