Politika -
Boikota
Jordi Marti: "'Altsasu' antzezlanari boikota egitea demokraziaren aurkako erasoa da"
Kulturako Estatu idazkariaren hitzetan, antzokiaren aurrean elkarretaratu ziren horiek "ez dute onartzen" gizartean "iritzi eta sentsibilitate guztiak" egotea.
A.A.E. | EITB Media
Jordi Marti Kulturako Estatu idazkariak Altsasu antzezlanari boikota egiteko saiakera "askatasunaren eta demokraziaren aurkako erasoa" da. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, protesta horiek egiten dituztenak "ez dira gai antzezlan bat zentsuratzeko gaur egun", baina "etorkizunerako arriskua dira".
Ostegun gauean, Altsasun (Nafarroa) Guardia Zibileko bi agenteri eta haien bikotekideei eraso egiteagatik zigortutako 8 gazteen istorioa kontatzen duen obra estreinatu zuten Madrilen.
Antzezlana Abadia antzokian taulatu zuten, eta 500 pertsona inguru bildu ziren horren aurrean, Voxek deituta, "terroristak Madrildik kanpora" oihukatuz.
Martíren hitzetan, ordea, Dramática Errante konpainiaren antzezpena "bikaina" da "testuaren sentsibilitateagatik", "gatazka ez duelako modu dogmatikoan tratatzen".
Idazkariak adierazi du "tristura" sentitzen duela eskuin muturraren jarreraren aurrean, jende hori "ez baitago prest eszena publikoan iritzi eta sentsibilitate guztiak egoteko", eta gaineratu du "tamalez" adierazpen askatasunaren defentsan borrokatu beharko dela berriro, "70eko hamarkadan askok egin zuten bezala".
Era berean, Madrilgo Udaleko Kultura ordezkaria eta Madrilgo Erkidegoko Kultura kontseilaria kritikatu ditu estreinaldira ez zirelako joan. Martiren hitzetan, adierazpen askatasuna "ez da defendatzen soilik eraso zureei egiten dietenean, batez ere erasotuak zureak ez direnean baizik".
Boikot saiakerak gorabehera, antzezlanaren Madrilgo estreinaldiak arrakasta handia izan zuen. Sarrerak agortu egin ziren, eta publikoak zutik eta bost minututik gorako txalo zaparrada batekin erantzun zuen antzezpenaren amaieran.