Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Jaurlaritzaren "gobernantza baztertzailea" iraultzea proposatu du Otxandianok, Iruñea eredu jarrita
EH Bilduko lehendakarigaiak ziurtatu du EAEko hauteskundeak apirilean izango direla, eta data ematera ere ausartu da: hilaren 21a. Hauteskunde osteko itunak "berdinzaletasuna eta subiranismoa" ardatz hartuta egin beharko liratekeela uste du, eskua luzatu die EAJ, PSE-EE eta ezker konfederatuari.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gertu daudela eta, bozen osteko balizko testuingurua eta itunak aztergai izan ditu gaur Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak. Horren ustez, Eusko Jaurlaritzaren koalizio eredua irauli egin behar da, EAJk eta PSE-EEk orain arte izan duten "gobernantza baztertzailea" gaindituta. Horren harira, Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua jarri ditu politika egiteko eredu berriaren erreferente gisa. "Iruñeak demostratu du beste politika bat, beste gobernantza eredu bat posible dela. Esan daiteke hiru lurraldeak salbuespen egoera batean geratu direla", erantsi du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketa batean.
Hauteskundeak noiz izan daitezkeen galdetuta, ziurtzat jo du udaberrian, apirilean, izango direla, eta harago jota, data ere zehaztera ausartu da: hilaren 21a. Iñigo Urkullu lehendakariari dagokio berez data iragartzea, eta zentzu horretan, Otxandianori ulergaitza zaio luzamendutan aritzea: "Bada ordua despejatzeko hauteskundeen data. Ez dago arrazoirik noiz izango diren ez jakiteko".
Lehia estua aurreikusi du EAJren eta EH Bilduren artean, eta behin emaitzak mahai gainean, koalizio eredua aldatzearen alde egin du, "herri honek gobernu inkluienteak" eskatzen dituela argudiatuta. Salatu duenez, EAEn jeltzaleek eta sozialistek "status quo-ari heltzen diote", beste eredu bat "posible" dela ahaztuta —Iruñean gertatutakoaz ari da, koalizio subiranistak eta PSNk Ibarrolaren kontrako zentsura mozioa adostu eta Asiron alkate egiteari buruz—.
Balizko gobernu itun horietan "gutxieneko programak eta frente zabalak" aldarrikatu ditu, egiturazko bi ardatz jarrita: berdinzaletasuna eta subiranismoa. "Herri hau berdinzalea da, hein handi batean, eta subiranista, autogobernu gehiago nahi du. Bi ardatz artikulatzaile horiek presente egon behar dute gobernantzan", nabarmendu du. Bi gako horien inguruko akordioa norekin itxi daitekeen galdetuta, EAJ, PSE-EE eta ezker konfederatua delakoa (Podemos, Sumar, Ezker Anitza eta Equok osatutakoa) aipatu ditu.