Politika -
Konstituzioaren erreforma
Espainiako Konstituzioa: bi aldaketa besterik ez lau hamarkada pasatxoko historian
Aldaketa txikia egin zuten 1992an, Maastricheko itunarekin bat egiteko, eta artikulu bat osorik berritu zuten 2011an, krisiaren ondorioak pairatzen ari zirenean. Espainiako Estatua ia salbuespena da Europan, herrialde gehienek dozenaka moldaketa egin baitituzte.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Diputatuen Kongresuak Espainiako Konstituzioaren artikulu bat (49.a, hain zuzen ere) aldatzeko izapideak hasi ditu, testua inklusiboagoa izan dadin: "urrituak" terminoaren ordez "desgaituak" jarriko dute. Gauzatuz gero, Konstituzioak 45 urteko historian izan duen hirugarren erreforma izango litzateke. Aurrenekoa 1992an egin zuten; azkena, 2011n.
Saiakera asko izan badira ere, prozedura ez da batere malgua, eta eskatzen diren gehiengo zabalak direla eta, bi aurrekari baino ez daude. Egindako aldaketa bakarrak sozialisten agindupean egin dira, eta biak Europar Batasunak eskatuta.
Aurreneko erreforma: bi hitz 13.2 artikuluan
1992. urtean, Maastrichten (Herbehereetan) Europar Batasunaren Ituna sinatu zuten, gerora Maastrichteko Ituna bezala ezagutuko zena. Arau horrek "europar herritartasuna" kontzeptua jasotzen zuen, eta hari zenbait eskubide aitortzen zizkion kide ziren Estatuetan. Besteak beste, Espainiako Estatuan bizi baina Europar Batasuneko beste herritalde batzuetakoak ziren pertsonei udal-hauteskundeetan bozka emateko edo bozka jasotzeko eskubidea aitortzen zien.
Baina Espainiako Konstituzioaren 13.2 artikuluak sufragio aktiboa baino ez zuen onartzen (Batasuneko atzerritarrek ezin zuten hautagai izan), eta, beraz, testuari "eta pasibo" hitzak gehitu zitzaizkion.
Erreforma hura prozedura arruntaren bidez onartu zuten. Izan ere, Kongresuko eta Senatuko talde guztiek babesa eman zioten aldaketari, eta urte horretako abuztuan indarrean sartu zuen, izapideak hasi eta zortzi hilabetera.
Bigarrena, polemikoagoa eta eztabaidatuagoa
Ia bi hamarkada igaro behar ziren Karta Magna bigarren aldiz eraberritu zen arte. 2011n, Jose Luis Rodriguez Zapateroren bigarren agintaldian, aldaketa sakonagoa izan zen, eta bai oposizioak eta baita gizarte-eragileek ere erreforma kritikatu egin zuten. Kaleetan ere izan ziren protestak.
Sasoi hartan, 2008ko krisi larriak utzitako arrasto sakonetik atera ezinda zegoen Estatu espainiarra, eta agertoki horren erdian, zorra ordaintzeko Bruselak mahai gainean jarritako baldintza zorrotzei ere erantzun behar izan zien. Horretarako, besteak beste, Konstituzioaren 135. artikulua erreformatzea adostu zuten PSOEk, PPk eta UPNk, orduko aurrekontuetan zorraren ordainketa lehenetsi zedin, beste partida batzuen aurretik.
Harrabotsa eragin zuen erabakiak, eta gainerako taldeek zuzenketak aurkeztu zituzten, 20tik gora. Bakar batek ere ez zuen aurrera egin. Abuztuan izapidetu eta hilabete eskaseko epean sartu zen indarrean.
Erreformarako, bi bide
40 urteko diktadura baten ondotik idatzitako testua da Karta Magnarena, hertsia eta erreformarako muga asko dituena. Arauak berak argi eta garbi dio gerra zein alarma edo salbuespen egoeratan ezin dela artikulu bakar bat ere moldatu.
Abiapuntua hori izanda, erreformaren izaera edozein dela ere, gehiengo zabala behar du aurrera egiteko, 2/3rena edota 3/5ena, kasuaren arabera.
Bi bide daude Konstituzioaren edukia aldatzeko: prozedura arrunta, gutxieneko aldaketetarako edo aldaketa partzialetarako, eta prozedura larriagotua izenez jasota dagoena. Azken hori erreforma zabalagoak egiteko edo aldatu beharrekoa funtsezkotzat jotakoak gairen bat ukitzen duenetarako dago gordeta. Hau da, Konstituzioaren Aitzin Tituluan jasota dauden kontuak (Espainiaren batasuna hizkuntza ofizialak, bandera...), oinarrizko eskubide eta askatasunak edota Koroa.
Bide bat zein bestea erabili, Konstituzioak dio herritarrek erreferedumean bozka dezaketela aldaketa: aukera da prozedura arruntean; derrigorrezkoa, berriz, bigarren kasuan.
Espainia, Europa osoan Konstituzioa gutxien moldatu duen herrialdetako bat
Gauzak horrela, Estatu espainiarra da Konstituzioa gutxien ukitu duen herrialdeetako bat Europa osoan, Errumaniaren atzetik. Azken horrek, behin bakarrik moldatu du, 1949an onartu zuenetik.
Beste muturrean, berriz, Alemania dago, bere Karta Magna (1949koa) 70 aldiz erreformatuta, eta Austria ere bai, 55 aldaketekin.