Politika -

Espainiako Gobernua

Sanchezek hitzeman du legealdiaren egonkortasuna bermatuko duela: "Eginahalak egingo ditut"

Amnistia legeari buruz, onartu du "pedagogia" egin beharko duela, eta azpimarratu presidente izan den bost urteotan aplikatu duen lurralde politikak "gorrotoari eta mesfidantzari tokia kendu dizkiola".

Espainiako presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Espainiako presidente Pedro Sanchez
Espainiako presidente Pedro Sanchez. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako presidente Pedro Sanchezek hitzeman du legealdi honetan "egonkortasun politikoa" bermatuko duela, eta, horretarako, eginahalak egingo dituela, bere proposamenak aurrera ateratzeko helburuarekin, Parlamentuan gehiengorik ez duela ahaztu gabe.

RNE irrati kateari emandako elkarrizketa batean, Sanchezek gogora ekarri du koalizioan ari dela gobernatzen, baina "zatitutako Parlamentu" batekin, iragan astean Kongresuko hiru dekretuen bozketan agerian geratu zenez. 

"Lau urterako egonkortasuna bermatu nuen, eta halaxe egiten jarraituko dut. Asko ahaleginduko naiz nire hiru helburuak bete daitezen: eskubideak, lana eta bizikidetza", ziurtatu du.

Haren iritziz, "zatikatutako Parlamentu honetan, emaitza estuak lortzea da bidea eta normaltasuna". Adierazpen horri erantsi dio Gobernuak proposatutako neurriak atzera botatzen dituzten alderdiek azalpenak eman beharko dituztela.

Zentzu horretan, berretsi du nonahi bilatuko dituela botoak, besteak beste, pentsioak igotzeko, eta erantsi "PPrekin akordioa lortzeko aukera balego" ez liokeela muzin egingo.

Amnistia legeari buruz, onartu du "pedagogia" egin beharko duela, eta azpimarratu presidente izan den bost urteotan aplikatu duen lurralde politikak "gorrotoari eta mesfidantzari tokia kendu dizkiola".

Erkidegoekin hitz egingo du migrazio politikak aztertzeko

Juntsekin ituna egin ostean, Sanchezek Parlamentuko taldeekin eta autonomia erkidegoekin hitz egingo du migrazio politiken inguruan, horiek aztertu eta eraginkorrago bihurtzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Amnistia Legea