Politika -
Hauteskundeak
Otxandiano ofizialki da EH Bilduren lehendakarigai, % 94ko babesarekin
Koalizioaren hautagaiak esan du hurrengo hauteskundeetan "dekadentzia ala anbizioa" hautatu beharko dela.
agentziak | eitb media
Pello Otxandiano EH Bilduren Programa zuzendaria ofizialki da koalizioaren lehendakarigaia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, asteon egindako bozketan alderdikideen % 94ren babesa jasota. Hala jakinarazi du gaur alderdiak Bilboko Bizkaia Aretoan egin duen asanbladan.
Behin betiko erabaki honekin amaitu da azaroaren 11n EH Bilduren Mahai Politikoak hautagai gisa izendatu ostean hasi zen barne prozesua.
Hautagaiak aurkezteko epea asteartera arte izan zen zabalik, eta beste inork ez zuenez izena eman, Otxandiano lehendakarigai izatera pasatu da, gaurko izapide ofiziala bete ondoren.
40 urteko otxandiarrak (Bizkaia) ibilbide politiko luzea du EH Bilduren barruan, eta Programa zuzendaria da egun. Telekomunikazioetan ingeniaria, Arnaldo Otegi buru duen koalizioaren ideologotzat dute.
"Dekadentzia ala anbizioa"
Emaitzen berri izan ostean, hitza hartu du Otxandianok berak, eta hurrengo hauteskundeen gakoa "dekadentzia ala anbizioa" hautatu beharko dela azpimarratu du.
"Galdera hauxe bera planteatu nahi dizuet nik gaur hemen: herri honek inertzian eta noraezean jarrai dezan nahi dugu edo erregenerazio politikoari ekingo al diogu? Dekadentzia ala anbizioa, hor dago koxka", adierazi du Bizkaia Aretoan.
"Niretzat, eta EH Bildurentzat, gauden bezala jarraitzea ez da aukera bat", esan du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politika instituzionalean "puntu eta aparte" egin behar dela nabarmendu du.