Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Anduezak balioan jarri du Espainiako Gobernuak akordioak lortu eta hiru dekretuetako bi onartu izana

PSE-EEren idazkari nagusiaren esanetan, Sanchezen Gobernuak atzoko Kongresuko saioa 3-0 galtzen hasi bazuen ere, 2-1 irabazten bukatu zuen. Halaber, Junts eta Podemos alderdiei aurpegiratu die beraien interes partikularrak lehenestea herritarren interesen gainetik.

PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigaia Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigaia Euskadi Irratian
PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigaia Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 22:44

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigaiak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen jokabidea babestu du, eta "pozik" mintzatu da azkenean akordioak lortzeko eta atzo Diputatuen Kongresuan bozkatu ziren hiru dekretuetatik bi aurrera ateratzea posible izan zelako. "Eguna 3 eta 0 galtzen hasi genuen eta azken minutuan 2 eta 1 irabazi genuen", azpimarratu du futbolarekin paralelismo bat eginez. Halaber, Junts eta Podemos alderdiei beraien interes partikularrak lehenestea aurpegiratu die.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Anduezak azaldu duenez, kontu "hain garrantzitsuak eztabaidan eta arriskuan daudenean" alderdiek herritarrengan pentsatu behar dute, eta ez hainbeste interes partikularretan. Bereziki gogor hitz egin du Podemosen aurka langabezia subsidioaren erreforma atzera botatzeagatik. 

Anduezaren esanetan, Podemosek atzo "akats izugarria" egin zuen langabezia subsidioaren aurka bozkatuta eta "mendeku" gisa ulertu du. "Politika tripekin egiten bada eta ez buruarekin akatsak sortzen dira", gaineratu du.

Bestalde, etorkizunari begira ez dio aterik itxi EH Bildurekin akordioak lortzeari, baina gaur-gaurkoz ez du horretarako aukerarik ikusten: batetik, EH Bilduk independentzia aldarrikatzen duelako, eta, bestetik, sozialisten gobernatzeko modua "oso ezberdina" delako.

Espainiako Gobernuak estatuko osasun zentroetan maskara derrigortzeko hartutako erabakia defendatu du Anduezak. Horren iritziz, gai honetan eskumenak baino pertsonak babestea da garrantzitsuena, eta, hortaz, zentzuzko erabakia dela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi Sozialista EAE Alderdi politikoak albisteak PSE-EE albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Eneko Andueza gaur