Politika -

Frantzia

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak dimisioa eman du

Dimisio gutunean, Bornek aitortu du alde egiten duela Macronek "lehen ministro berri bat izendatzeko borondatea" azaldu ziolako. Gabriel Attal egungo Hezkuntza ministroa da bere ordezkoa izateko faborito nagusia.

Elisabeth Borne. Argazkia: EFE
Elisabeth Borne. Argazkia: EFE
Elisabeth Borne. Argazkia: EFE

EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eliseoak iragarri duenez, Elisabeth Bornek dimisioa aurkeztu du astelehen honetan Frantziako lehen ministro gisa, eta Gabriel Attal egungo Hezkuntza ministroa da bere ordezkoa izateko faborito nagusia.

Borne 2022ko maiatzaren 16tik Frantziako lehen ministroa zen, eta kargua hartu duen bigarren emakumea izan da, Edith Cressonen ondoren.

Macroni bidalitako dimisio gutunean, Bornek aitortu du alde egiten duela presidenteak "lehen ministro berri bat izendatzeko borondatea" azaldu ziolako, eta "ohorea" izan dela "Frantziarentzat funtsezkoak diren erreformak erabakitasunez bideratu dituen gobernu bat zuzentzea".

"Gure nazioaren zerbitzura egindako lana eredugarria izan da egunero. Zuk zuzendu duzu gure proiektua, estatu-politikarien kemenarekin, konpromisoarekin eta erabakitasunarekin. Eskerrik asko bihotz-bihotzez ", adierazi du Emmanuel Macron presidenteak Xko kontu sozialean.

Gobernuan 20 hilabete eman ostean, Bornek karguaren higadura ordaindu du, bertan, gizartearen onarpenik ez zuten neurriei heldu behar izan dielako, hala nola pentsioen erreformari edo immigrazio legeari.

Azken hori joan den hilean onartu zuten, eskuin kontserbadorearen eta ultraeskuinaren babesarekin, eta Macron presidentearen alderdia zatitzea eragin zuen, sektore ezkertiarrenaren haserre izugarriarekin.

Bornek ez du lortu bere Gobernuaren legeak onartzeko beharrezkoak diren adostasunak aurkitzea, eta horrek sarritan Konstituzioaren artikulu batera jotzera behartu du, diputatuen botorik gabe aurrera ateratzea ahalbidetzen ziona.

30 zentsura-mozio

Kontrara, oposizioak aurkeztutako 30 zentsura-mozio gainditu behar izan ditu, horietako batzuk tarte estuarekin, pentsioen erreforma bederatzi botorekin onartu ondoren gainditu zuena esaterako.

Ordurako, Gobernuaren buruzagitza kolokan zegoela zirudien, baina Macronek karguan mantentzearen alde egin zuen, herrialdearen paralisia saihesteko beharrezko itunak aurkitzen bazituen.

Bornek 62 urte ditu, Alderdi Sozialistatik dator eta negoziatzaile ospetsua da. Hala ere, ez du lortu ez ezkerreko oposizioa ez eskuineko oposizioa erakartzea.

Gabriel Attal Hezkuntza ministroa da Gobernua zuzentzeko faboritoa, eta hori baieztatuz gero, 34 urterekin Frantziako historiako lehen ministro gazteena izango litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Frantziako Gobernua