Politika -
DIPUTATUEN KONGRESUA
Juntsek hiru lege dekretuak erretiratzeko eta adostutakoan aurkezteko eskatu dio Espainiako Gobernuari
Juntsen bozeramaileak berretsi du alderdiko zazpi diputatuek dekretuen aurka bozkatuko duela asteazkenean Diputatuen Kongresuan. PSOEk adierazi du PPrekin eta Junts bezalako taldeekin hitz egingo dutela "azken minutura arte". Sumarrek erantzukizuna" eskatu die Podemosi eta Juntsi.
AGENTZIAK | EITB Media
Josep Rius Juntsen presidenteorde eta bozeramaileak Espainiako Gobernuari eskatu dio hiru lege dekretuak erretiratzeko eta behin negoziatu eta adostutakoan berriro aurkezteko. Hori dela eta, hiru lege dekretuen aurka bozkatuko duela berretsi du Juntsek.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bere inbestidura babestu zuten alderdi guztien babesa beharko du, asteazkenean, Diputatuen Kongresuan legeak edota dekretuak onartzeko; baita Juntsena ere, betiere PPk ezetz bozkatzen badu.
Hiru dekretu dira guztira: inflazioari aurre egiteko neurriak jasotzen dituena, Lan Ministerioaren dekretua (langabezia subsidioa barne hartzen duena) eta "omnibus" izenarekin ezagutzen dena.
Gabonetako oporren osteko lehen prentsaurrekoan Rius bozeramaileak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak "azkar eta korrika" onartu ditu hiru dekretuak, aurrez "Juntsekin akordiorik itxi gabe".
Juntsek ohartarazi duenez, dekretuek Kataluniaren "azpifinantzaketa" areagotzen dute, Generalitatearen eskumenak "murrizten" ditu eta amnistia legearen aplikazioa "arriskuan" jartzen dute. Hori dela eta, hiru lege dekretuak erretiratzeko eta behin negoziatu eta adostutakoan berriro aurkezteko eskatu dio; gai bakoitzerako dekretu bat.
"PSOEk argi izan behar du Juntsek ez duela legegintzaldirako akordiorik sinatu. Esparru nazionalean eta sozialean aurrerapausoak ematen badira bakarrik izango da egonkortasuna", ohartarazi du.
Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazi du PPrekin eta Junts bezalako taldeekin hitz egingo dutela "azken minutura arte" Espainiako Gobernuaren hiru dekretuak babesteko, eta prest daudela alderdi independentistak proposatutako neurri berriak barneratzeko.
PSOEren Zuzendaritza Federalaren bileraren ostean Ferrazen emandako prentsaurrekoan, Cerdanek esan du asteazkenera arte jarraituko dutela Juntsekin hitz egiten. "Mahai gainean jarri beharko dituzte beste gauza batzuk. Mahai gainean jartzen dituzten gauza horietakoren bat onartzen badugu, publiko egingo dugu", nabarmendu du.
Halaber, espero du Podemosek hiru dekretuen alde bozkatzea. Bestalde, ERCrekin bilerak egingo ditu PSOEk Sanchezen inbestidura akordioan sakontzeko, baita Junts alderdiarekin ere.
"Normaltzat hartu PSOE ERC eta Junts alderdiekin bildu eta hitz egin ahal izatea. Asko izango dira (bilerak), normaltasun politikoaren barruan sartzen da", adierazi du.
Bestalde, Ernest Urtasun Kultura ministro eta Sumarren bozeramaileak "erantzukizuna" eskatu die Podemosi eta Juntsi dekretuak baliozkotzeko; izan ere, herritarren bizitza hobetzen duten neurriak jasotzen dituztela ziurtatu du.
"Politika erabilgarria gure herritarren ongizaterako funtsezkoak diren neurriekin politikakerian jokatzen ez duena da", azpimarratu du prentsaurrekoan, eta adierazi du neurri horiek aho batez onartu beharko liratekeela Kongresuan, politika jendearen arazoak konpontzera bideratuta dagoen herrialde batean, esan du hitzez hitz.
ERCk eta EH Bilduk dekretuak lege-proiektu gisa izapidetzea eta zuzenketak jasotzea eskatuko dute, horrek Juntsekin negoziatzea erraztuko lukeelako.
EAJk "erantzukizunagatik" babestuko ditu dekretuak, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak iragarri duenez. Hala ere, Espainiako Gobernuari "normaltasunaren bidera itzultzeko" eta lege-proiektu gisa izapidetzeko eskatu dio.