Politika -
NAFARROA
Euskarazko ekitaldiak erdaldunentzat "diskriminatzaileak" direla uste du Eguesibarreko alkateak
Xuriñe Peñas UPNko alkatearen arabera, euskaraz hitz egiten dutenak gazteleraz egiten diren ekitaldietara joan daitezke; aldiz, euskara ulertzen ez dutenak ezin dira euskarazkoetara joan.
EITB Media
Euskara eztabaida iturri da berriro, eta Xuriñe Peñas Eguesibarko alkateak jarri du hizpidea oraingo honetan. Izan ere, euskaraz antolatzen diren ekitaldiek erdaldunak "diskriminatu" egiten dituztela salatu du, ez dutelako ulertzen. Aitzitik, euskaraz hitz egiten dutenak gaztelerazko saioetara joan daitezkeela nabarmendu du.
EH Bilduk Gabonetako euskarazko kultur eskaintzari buruzko mozioa aurkeztu zuen Eguesibarren egin zen azken udalbatzan, azalpenak eskatzeko.
Euskarazko ekitaldiek euskaraz ez dakien jendea "diskriminatu" egiten dutela erantzun zuen Xuriñe Peñas alkateak. Horren esanetan, erdaldunak ezin dira joan euskarazko saioetara; aldiz, gazteleraz egiten diren ekitaldietara joan daitezke bai euskaraz dakitenak eta baita gazteleraz dakitenak ere. Halaber, bere hitzartzearen hasieran euskaraz hitz egiten zuela zehaztu zuen.
Asier Mesanza EH Bilduko zinegotziak, bere aldetik, salatu zuen Udalak Gabonetarako euskaraz eta gazteleraz antolatutako jardueren artean "desoreka" zegoela. Horren arabera, bi ekitaldi baino ez zeuden euskaraz, "gutxi batzuk" ele bitan, eta gainerakoak, "% 70 inguru", gaztelera hutsean. Gainera, gaztelerazko ekintza garestienak 5 euro balio zuen eta euskarazko bietako batek, berriz, 10 euro.