Politika -

URTE AMAIERAKO MEZUA

Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkie herritarrei "urte hauetan guztietan bidelagun izateagatik"

Beti ez duela asmatu aitortu duen arren, bere ustez, "Euskadi hazi egin da. Enplegua eta gure autogobernua sendotu ditugu, baita berdintasuna eta ongizatea. Nazioartean izena eta izana ere indartu ditugu. Hitz gutxitan, gizarte justuagoa lortu dugu".

Iñigo Urkullu.
Iñigo Urkullu.
Iñigo Urkullu: ''Zorionekoa naiz, eta hori zuen konfiantzari esker izan da''

7:37

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkie herritarrei urte amaierako bere azken mezuan. "Ez nuen sekula imajinatu izan dudan aukera hau izatea. Zorionekoa naiz, eta hori zuen konfiantzari esker izan da", esan du. "Eskerrik asko euskal gizarteari urte hauetan guztietan bidelagun izateagatik", berretsi du.

Urkulluk urte amaierako bere azken mezua eman du lehendakari gisa: "Aita nintzela zin egin nuen lehendakari kargua; aitite naizela emango diot makila hurrengo lehendakariari".

"Gure herriari dudan guztia ematen saiatu naiz beti, zintzotasunez, gure gizartearen interesak defendatuz, han eta hemen", nabarmendu du. Hala ere, onartu duenez, "ibilbide honetan, guztion artean, gauza asko ondo egin ditugu, baina, aldi berean, ez dut, ez dugu, beti asmatu".

"Bizi izan dugun azken hamarkada ez da batere erraza izan"

"Bizi izan dugun azken hamarkada ez da batere erraza izan", aitortu du agintariak, eta azken urteetako arazoak gogora ekarri ditu: 2008tik aurrera mundu zabalean sortutako krisi ekonomiko eta finantzarioa, errefuxiatuen krisia, energia eta erregaiena, COVID-19aren pandemia, Brexita, Ukrainako gerra, inflazioa eta interes-tasen igoera, Gazako gatazka...

Erronka horien aurrean, "euskal gizarteak ez du amorerik eman", goraipatu du, eta "pixkanaka" krisiak gainditzea lortu dela uste du. Horrela, azken hamarkadako lorpenak zerrendatu ditu: "Euskadi hazi egin da. Enplegua eta gure autogobernua sendotu ditugu, baita berdintasuna eta ongizatea. Nazioartean izena eta izana ere indartu ditugu. Hitz gutxitan, gizarte justuagoa lortu dugu". "Uste dut, benetan, gure herria hobetzea eta indartzea lortu dugula denon artean", erantsi du.

"Guztion ongizatea etengabe bilatuz, etorkizuna sekula hipotekatu gabe"

Urkulluk "baliabideak mugatuak" direla eta "ahalik eta hoberen kudeatu" behar direla gogorarazi du, "lehentasunak ezarriz, erabaki zailak hartuz, guztion ongizatea etengabe bilatuz, etorkizuna sekula hipotekatu gabe". Lehen egunetik "hori egiten" saiatu direla adierazi du, "arazo zailen aurrean erantzun sinplerik proposatu gabe".

Bestalde, euskal gizarteak bakean eta bizikidetzan bizitzea lortu duela azpimarratu du lehendakariak. "ETA behin betiko desagertzea lortu dugu", aldarrikatu du agintariak. Urkulluren hitzetan, "zauriak, hala ere, ez dira itxi. Asko dugu oraindik ikasteko. Ezin dugu biktimen sufrimendua areagotu. Izan ditzagun beti gogoan".

Lehendakaria "kezkatuta" agertu da Europar Batasunak nazioarteko gatazka armatuen aurrean erakusten duen "ahalmen faltagatik", baita migrazioaren aurrean hartzen ari den politika "gogor eta bidegabeengatik" ere.

Azkenik, politika "akordioak lortzeko artea" dela esan du agintariak," ez pertsonak bereizteko bidea". Horregatik, politika "zintzoa" aldarrikatu du beste behin ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Gabonak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak