Politika -
2024
EAJk eta PSE-EEk Bizkaiko aurrekontuak onartu dituzte, oposizioaren zuzenketarik sartu gabe
EH Bildurentzat, Podemosentzat eta PPrentzat "sinestezina" da Aldundiak azken "bederatzi aurrekontuak" oposizioko alderdien ekarpenik gabe onartu izana.
agentziak | eitb media
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2024ko aurrekontuak onartu dituzte gaur Foru Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin, eta oposizioko alderdien zuzenketarik sartu gabe.
EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemos-IUk kontra bozkatu dute, euren osoko zuzenketak eta 388 zuzenketa partzialak errefusatuak izan ostean.
Gaurko bozketarekin, behin betiko onartu dituzte datorren urterako kontuak. 10.308 milioi eurokoa izango da aurrekontua, aurtengoa baino % 5,1 handiagoa, eta departamentuek 1.599,1 milioi izango dituzte erabilgarri, aurten baino % 3,8 gehiago.
EAEko hiru aldundien artean, Bizkaikoa da aurrekontu berriak izango dituen bakarra, Gipuzkoan eta Araban luzatu egingo baitituzte EAJk eta PSE-EEk ez dutelako gehiengo osorik.
Elixabete Etxanobe buru duen Foru Gobernuaren lehenengo aurrekontua izango da, maiatzeko hauteskundeen ostean ahaldun nagusi izendatu eta gero.
Gernikako Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran, oposizioko alderdien bozeramaileek gogor kritikatu dute euren zuzenketarik sartu ez izana, eta "sinestezin" jo dute azken "bederatzi aurrekontuak" oposizioko alderdien ekarpenik gabe onartu izana.
Foru Gobernua osatzen duten alderdiek, berriz, azpimarratu dute aurrekontuak "zuhurrak" eta "bidezkoak" direla, eta Bizkaiko "eraldaketa estrategikoa sustatzen jarraitzea" dutela helburu.