Politika -
Botere judiziala
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erreforma ikuskatzeko eskaera "aztertzen" ari da Brusela
BJKN berritzeko prozesuan Bruselak bitartekari lana egitea adostu dute ostiralean Sanchezek eta Feijook, eta hala eskatu diote Bruselari.
Agentziak | EITB Media
Europako Batzordeak larunbat honetan adierazi duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) erreformatzeko negoziazioak ikuskatzeko eskaera "aztertzen" ari da. Eskaera hori ostiralean egin diote Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak.
"Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erreforman aurrera egiteko elkarrizketak errazteko eskatu diote Espainiako agintariek Batzordeari", adierazi dute Europar Batasuneko iturriek, eta "eskaera horri buruz hausnartzen ari gara", gaineratu dute.
Gogorarazi dutenez, Espainiako Konstituzioak zuzenbide-estatuari buruzko txostenetan islatu izan du bere jarrera, eta "garrantzitsu" irizten dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideen izendapenik ezaren gaia "lehentasunez" jorratzeari.
Era berean, azpimarratu du beharrezkoa dela, "hura berritu orduko", prozesu bat hastea "izendapenen sistema Europako arauetara egokitzeko, independentzia judiziala arriskuan ez dagoela bermatzeko".
Sanchezek eta Feijook, azken horrek proposatuta, ostiralean Kongresuan egindako bileran erabaki zuten Europako Batzordeak Espainiako epaileen gobernu-organoa berritzeko negoziazioak ikuskatzea. Organo horrek bost urte daramatza berritu gabe, alderdien arteko adostasun faltagatik.