Politika -
Gabonetako hitzaldia
EH Bilduk ez du Felipe VI.aren mezuaren baloraziorik egingo, eta ez entzuteko deia egin du
"Espainiako monarkiak Euskal Herriko hedabide publikoei inposatutako" mezu bat dela salatu du.
agentziak | eitb media
EH Bilduk iragarri du ez duela Felipe VI.a Espainiako erregearen abenduaren 24ko mezuaren baloraziorik egingo, bere "ideologiarekiko eta jardun politikoarekiko koherentziaz", eta mezua ematen dutenean telebistak eta irratiak itzaltzeko deia egin die herritarrei.
EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, "Espainiako monarkiak euskal hedabide publikoei inposatutako" mezu bat da Felipe VI.arena, eta "gure herria mendeko gisa tratatzen du"; "hain zuzen ere, erakunde horixe da gurea bezalako nazioen ukazioa eta inposaketa irudikatzen duena".
Era berean, herritar guztiak gonbidatu ditu "boikot aktiboa egitera monarka eta Espainiako Indar Armatuen burua denak abenduaren 24 gauean egiten duen mezuari, ordu horretan telebistak eta irratiak itzaliz".