Politika -
Presoak
Urtarrilaren 13ko manifestazioaren hasiera ordubete aurreratzea erabaki du Sarek, euskal derbia dela eta
Honenbestez, mobilizazioa 16:00etan abiatuko da Bilboko Casillatik. “Ez da, inolaz ere, erabaki erraza izan. Antolatzen gabiltzanoi, hala nola, bertaratuko diren herritar guztiei esfortzu bat egiteko eskatzen baikabiltza”, onartu dute Sareko ordezkariek.
Eriz Lotina | EITB Media
Datorren urtarrilaren 13rako Bilbon, "Konponbiderako giltzak" lelopean, deituta duen manifestazioaren ordutegiari dagokionez aldaketa garrantzitsu bat iragarri du Sarek: mobilizazioa 16:00etan abiatuko da, Casillatik.
Sareko arduradunek astelehenean jakin zuten urtarrilaren 13an Bilbon, ordu beraren bueltan, bi ekimen jendetsu izango direla; urtero milaka herritar batzen dituen manifestazioa eta aurten ere milaka zale bilduko dituen Athleticen eta Realaren arteko euskal derbia.
Hori horrela, Udaltzaingoarekin, futbol klubekin zein bestelako eragileekin hitz egin ondoren, eta hainbat arrazoi direla medio, "guztion mesederako izango delakoan", manifestazioa ordubete aurreratzea erabaki dute.
"Ez da, inolaz ere, erabaki erraza izan. Antolatzen gabiltzanoi, hala nola, bertaratuko diren herritar guztiei esfortzu bat egiteko eskatzen baikabiltza", onartu dute Sareko ordezkariek. "Baina, bi deialdien bateratasunak ekar zitzakeen arazo tekniko eta logistikoak batetik, eta ekimen batean zein bestean egon nahi duten milaka herritarrei aukera hori eskaintzeko gogoa bestetik, ahalegin txiki hori egitera eraman gaitu", erantsi dutenez.
"Bi ekitaldiak elkarren talka izatea baino, eta, ondorioz, batean zein bestean izateko grinaz diren herritarrak erabaki bat hartu beharrean ez izateko, bi ekitaldietan parte hartzeko aukera sortzearen alde egin nahi izan dugu", azpimarratu dute.
Sare Herritarraren manifestazioa, beraz, 16:00etan abiatuko da Casillatik, ondoren Autonomia, Zabalburu, Hurtado Ametzaga, Plaza Biribila eta Buenos Aires igaro ostean, Bilboko udaletxe arrean amaitzeko.