Politika -
Gernika-Lumoko Udala
Guggenheim-Urdaibairen inguruan jarrera argitzeko eskatu die Guztiontzako Herriak EAJri eta EH Bilduri
Jose Maria Gorroño alkatearen talde politikoak uste du "harrigarria" dela proiektu horretan "aurrez aurre" dauden bi indarrek "gobernu bat adostu eta martxan jarri ahal izatea".
EITB Media
Guztiontzako Herriak (GH) uste du "harrigarria" dela Guggenheim-Urdaibai proiektuan "aurrez aurre" dauden EAJ eta EH Bildu indar politikoek "gobernu bat adostu eta martxan jarri ahal izatea". Horregatik, azpimarratu duenez, "garrantzitsua" da biek argitzea "nola gaindituko duten kontraesan hori".
Gernika-Lumoko Udalaren gobernagarritasunaren inguruan sortutako "ziurgabetasuna" hizpide izan du Guztiontzako Herriak ohar batean ; izan ere, EAJ eta EH Bildu Jose Maria Gorroño alkatea ordezkatzeko zentsura-mozio bat aurkezteko aukera aztertzen eta negoziatzen ari dira.
Zentzu horretan, iragan ekainaren 17an EAJrekin itxitako akordioa gogorarazi du Guztiontzako Herriak: "2015ean adostutako dokumentua izan zuen oinarri, eta behin legealdi honetarako akordioa garatuta, Iñaki Gorroñok Jose Maria Gorroño ordezkatu behar zuen Alkatetzan, Xabier Irazabal EAJko bozeramaileak berak udalaren eraketa saioan onartu zuen bezala".
Hala ere, GHk salatu duenez, EAJren udal ordezkariekin hitz egiten hasi zirenean, uztailaren 13an eta 20an, "harriduraz" ikusi zuten "2015eko agiria onartzen ez zutela, eta lehendabizi Jose Maria Gorroñok Alkatetzari uko egitea nahi zutela elkarrizketekin jarraitzeko".
Zentsu-mozioaren aukerari buruz, GHk ohartarazi duenez, legealdi honetan "eskualdeko eredu sozioekonomikoa erabaki behar da, eta egoera horren adibide argiena Guggenheim-Urdaibai proiektuak sortutako polemika da".
Guztiontzako Herriaren hitzetan, "harrigarria da gai horren inguruan aurrez aurre dauden bi alderdi politikoek gobernu proiektu bat adostu ahal izatea, batek eraikuntzan aurreneko pausoak emateko asmoa duenean, eta bestea proiektua aurrera eramatearen aurkako manifestazioetan parte hartzen ari denean".
Gaiaren garrantzia nabarmendu du GHk, "eskualdearen etorkizuneko eredu ekonomikoa zein izango den jokoan dagoelako". Horregatik, talde politikoaren esanetan, "herritarren aurrean EAJk eta EH Bilduk kontraesan hori nola gaindituko duten argitzea garrantzitsua litzateke".