Politika -

INKESTA

EAEko 10 herritarretatik 4k gobernu aldaketa nahi dute Eusko Jaurlaritzan, DeustoBarometroaren arabera

Halaber, bizitzaren kostua eta osasun arreta dira EAEko herritarren kezka nagusiak, eta lehen aldiz Osakidetza ez da bosteko langara iristen (4,8).

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean
Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko herritarren % 40,6k gobernu aldaketa bat nahi dute Eusko Jaurlaritzan hurrengo hauteskundeetan, nahiz eta % 39ek uste duten ez dela gertatuko. Ziklo politikoaren aldaketa posible dela uste dute, berriz, herritarren % 35ek, eta kopuru horrek ia hamar puntu egin du gora azken sei hilabeteetan, gaur argitaratutako azken DeustoBarometroaren arabera.

Deustuko Unibertsitateak urte amaierako inkesta egin ondoren, 1.000 lagunen erantzunak bildu ditu eta emaitzak gaur goizean aurkeztu dituzte proiektuaren buru diren Maria Silvestrek eta Braulio Gomezek.

Azken horrek azaldu duenez, 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak "lehiakorragoak" izango dira, "ziklo politikoaren" aldaketa antzeman dutelako. Duela bi urte, inkestan parte hartu zutenen % 70ek uste zuten ez zela gobernu aldaketarik egongo; aitzitik, orain portzentaje hori % 39ra jaitsi da.

Bestalde, bizitzaren kostua eta osasun arreta dira EAEko herritarren kezka nagusiak. Inkesta erantzun duten herritarren % 47k bizitza kostua aipatu dute Euskadiren kezka nagusi gisa, eta azken urtean gora egin du. Gainera, hamarretik lauk (% 41,2) osasuna aipatu dute, eta horren atzetik zerbitzu publikoetako murrizketak (% 20,4) eta segurtasun eza (% 19,6). 

Hain zuzen ere, azken hamarkadan lehen aldiz Osakidetza ez da bosteko langara iritsi (4,8). Maria Silvestrek zehaztu duenez, EAEko osasun sistemak 6,4ko batez besteko nota eskuratu zuen duela hamar urte, baina urtez urte behera egingo du osasun arretaren inguruko kezkak gora egin ahala. Hala ere, nabarmendu du pandemia garaian Osakidetza "oso ondo baloratuta" zegoela. Dena dela, Osakidetzak konfiantza eragiten duen erakundea izaten jarraitzen du (5,5), eta zerrenda horretan hirugarrena da unibertsitatearen eta enpresa txikien ondotik.

Osakidetza ez ezik, beste zenbait arlo ere ez dira bostera iristen: justizia administrazioa (4,1), etxebizitza politika (4,1), Lanbide (4,6) eta pentsioak (4,9). Hala ere, azken bi horietan "hobekuntza txiki bat" antzeman dute azken urteetan. Aitzitik, garraio publikoak lortu du notarik onena (6,1), unibertsitate publikoen ondotik (5,8). 

Eusko Jaurlaritzaren azken lau urteetako kudeaketaren inguruan galdetuta, ia erdiek ( % 46) "erregularra" dela uste dute, heren batek "ona" dela eta % 11,1ek esan dute "txarra" dela.

Alderdi politikoen balorazioari dagokionez, erdiek baino gehiagok (% 53,6) uste dute EAJ dela kudeatzailerik onena, eta akordioak lortzeko gaitasun handiena duena (% 49,2), PSE-EEren aurretik (% 24).

Bestalde, EH Bildu da jendartearen arazoekiko sentikorrena (ia heren batek aipatu du) eta berritzeko gaitasun handiena duen alderdia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza albisteak Hauteskundeak Euskadin 2024 Deustuko Unibertsitatea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hauteskunde inkestak