Politika -
EAJ
24 urteren ostean, politikaren lehen lerroa utziko du Erkorekak: "Iritsi da unea"
Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak esan du agur esango diola politikari, 24 urte "oso aberasgarriak" izan direnak, baina "higadura pertsonal oso handia" ere ekarri diotenak.
Agentziak | EITB MEDIA
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan du politika utziko duela. Lehen lerroan egondako 24 urteak "oso aberasgarriak" izan direla aitortu du, baina aldi berean "higadura pertsonal oso handia" ekarri diotela.
Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa batean, Erkorekak gogoratu du legegintzaldiaren amaieran utziko dituela karguak, 2024an, eta ez dela aurkeztuko EAJren zerrendetara datorren urteko hauteskunde autonomikoetarako.
"24 urte eman ditut politikan lehen lerroan", nabarmendu du Erkorekak. Bi legegintzaldi egin ditu EAJren bozeramaile gisa Diputatuen Kongresuan, beste zortzi urte Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile gisa, eta 4 urte Segurtasun Sailean.
Erkorekak ziurtatu du urteak "benetan aberasgarriak" izan direla, "ez dut ukatuko, norberarentzat esperientzia ordainezinak baitira", baina aitortu du "norberaren eta familiaren higadura" sortzen duela hain ibilbide politiko luzeak, "oporrik ez duzulako, tentsio asko daudelako eta arreta handia eskatzen duelako edozertarako".
Halaber, eskerrak eman dizkie EAJri eta Iñigo Urkullu lehendakariari urte hauetan guztietan berarengan jarritako "konfiantzagatik", eta gaineratu du, lehen lerro politikoa utzi arren, "herriaren eta alderdiaren alde lanean" jarraituko duela.
Elkarrizketan, Erkorekak gaurkotasuneko beste gai batzuei buruz hitz egin du, hala nola datorren asterako Ertzainak gatazkan kolektiboak deitutako mobilizazioei buruz, eta adierazi du euskal Poliziaren sindikatuek beraiek uste dutela gizarteak "ez duela ulertuko" deialdi hori, eta horrek eragin negatiboa izango duela Ertzaintzaren irudian.