Politika -

2024ko aurrekontuak

Legebiltzarrak atzera bota ditu oposizioak aurrekontuen kontra aurkeztutako osoko zuzenketak

"Guztiak datoz bat proiektua atzera botatzeko orduan, baina inork ez du alternatibarik ematen", esan du Ekonomia sailburuak, eta erantsi, "ezezkoa ematea erraza da, aukerak proposatzea ez hainbeste". Oposizioko taldeek negoziaketarako borondaterik ez izatea aurpegiratu diote Eusko Jaurlaritzari.

Pedro Azpiazu Legebiltzarreko gaurko saioan. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu Legebiltzarreko gaurko saioan
Egia ez den ''errealitate tremendista eta kaotikoa marraztea'' egotzi dio oposizioari Pedro Azpiazuk

1:31

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk ziurtatu du 2024rako aurrekontua "sendoa, irmoa, errealista eta koherentea" dela. Horregatik, "aurretik idatzitako gidoi batean" kokatu ditu oposizioaren zuzenketak, "are, proiektua ezagutu aurreko agertoki batean".

Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, osoko zuzenketen inguruko bilkuran. Ganbarak atzera bota ditu EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak, Jaurlaritza osatzen duten EAJren eta PSE-EEren botoei esker.

Horrela, aurrekontuen proiektuaren tramitazioak aurrera jarraituko du. Azken bozketa baino lehen, taldeen zuzenketapartzialak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte.

"Hasieratik" zekien sailburuak inork ez zituela aurrekontuak onartuko, "EAEko hauteskundeen gertutasuna tarteko", nahiz eta iritzi dion kontuek ez dutela talde guztien gaitzespena merezi.

"Guztiak datoz bat proiektua atzera botatzeko orduan, baina inork ez du alternatibarik ematen", esan du Ekonomia sailburuak, eta erantsi, "ezezkoa ematea erraza da, aukerak proposatzea ez hainbeste".

Halaber, deitoratu du alderdiren batek edo bestek (EH Bilduri zeharkako aipamena eginda) "negoziaziorako dagoen tarte txikia" kritikatu izana. "Espainiako Gobernuko aurrekontu proiektuaren alde egin dute, edukia ezagutu gabe", arrazoitu du.

Kritika zaparrada izan du gainerako oposizioko alderdientzat ere. Hala, Elkarrekin Podemos-IUri argitu dio haiengandik jasotako proposamenak aurretik ere eztabaidatu izan direla, eta "onartezinak" direla, "dela politikoki, dela ekonomikoki".

"Ezer berririk ez PPren egitasmoan", erantzun dio Carlos Iturgaiz bozeramaileari. Gainera, gogorarazi dio negoziaziorako eskakizunek Jaurlaritzari dagozkion eskumenen baita egon behar dutela, eta ikuspegi "errealista" izan behar dutela, "ditugun baliabide ekonomikoekin bat etorrita".

Batera erantzun die Ciudadanos eta Vox alderdiei. "Euskadiren zerizana, berdintasunaren esentzia eta gure planetaren zaintza" ukatzen dutela aurpegiratu die, hain zuzen ere.

Negoziaketarako borondaterik ez izatea aurpegiratu diote oposizioko taldeek Eusko Jaurlaritzari

Eusko Legebiltzarreko gaurko saioan, aurrez aurrekoa nabarmena izan da oposizioaren eta gobernu sostengatzen duten bi alderdien artean.

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak "etsigarriak, autokonplazienteak eta anbioziorik gabeak" dira, "jarduneko" gobernu batek egindakoak. Koalizio subiranistaren iritziz, legealdiko azken aurrekontu hauek ziklo aldaketaren "seinale garbia" dira eta "konformismoaren azken aurrekontuak" izango dira.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak zerbitzu publikoak "ahultzeko" aurrekontuak direla salatu du.

Osoko zuzenketak aurkeztu dituzten bost taldeek diru kontuen negoziaketarako borondaterik ez izatea aurpegiratu diote Eusko Jaurlaritzari. Carlos Iturgaiz PPko legebiltzarkideak, esaterako, akordioa lortzeko aukera mahai gainean ez jartzea egotzi dio.

Datorren urterako aurrekontuak, 15.025 milioi eurokoak (2023koak baino % 5,4 gehiago), guztizko zenbatekoaren % 76 (10.934,4 milioi euro) gizarte-politiketara bideratuta egongo dira, hau da, aurreko urtean baino 653 milioi gehiago. Osasun Sailak izango du aurrekonturik handiena (4.896,6 milioi euro), eta zenbateko horren % 79 Osakidetzarentzat izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak