Politika -
Europako hauteskundeak
Izaskun Bilbao ez da berriro EAJren hautagaia izango Europako hauteskundeetan
Hiru legegintzaldiren ostean, ez aurkeztea erabaki du, eta jeltzaleek hautagaia aukeratzeko prozesua abiatuko dute.
eitb media
Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzaleak ez du karguan jarraituko hurrengo legegintzaldian. Hiru legegintzaldiren ostean, berriro ez aurkeztea erabaki du.
EAJk barne prozesua ireki beharko du, beraz, beste hautagai bat aukeratzeko.
Erabakiaren berri emateko prentsaurrekoan azaldu duenez, orain ez dauka buruan "beste ardura politiko bat hartzea". Izan ere, gogorarazi du gaztetatik aritu dela lan politikoan, "ardura nahikorekin", eta uste du "zikloa amaitu" egin dela.
"28 urterekin nigan konfiantza jarri zuten pertsona batzuek, eta ardura asko izan ditut bizitza osoan zehar. Hiru legegintzaldi Europako Parlamentuan, lan intentsitate, denbora eta bidaiekin… Nire etapa amaitu dela pentsatzeko unea iritsi da", adierazi du.
Legegintzaldia amaitu arte "euskal jendartearen ahotsa" Europara eramatea "ohorea" izango dela azpimarratu ostean, Bilbaok bere ibilbidearen laburpena egin du eta "herritarrak Europako arauen idazketan inplikatuta izaten jarraitzeko" lan egingo duela hitzeman du.
Eurodiputatuak esan du hunkituta hartu duela ibilbidea amaitzeko erabakia, "ehun urtetik gora Europa eraikitzen lanean aritu den EAJren beste katebegi bat" izan dela sentitu baitu.