Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
EH Bilduk ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko Trantsizio Energetikoaren Legearen aurka, "txarra" izan arren
Mikel Otero legebiltzarkide eta trantsizio ekologikorako EH Bilduren idazkariaren ustez, araua legealdi honetan ez onartzea "porrot politiko nabarmena" litzateke, baina onartu du denboraz "oso larri" dabiltzala, "legealdia amaitzeko zantzuak gero eta handiagoak" direlako.
E. G. | EITB MEDIA
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkide eta trantsizio ekologikorako idazkariak iragarri duenez, koalizioak ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetikoaren lege proiektuari, "txarra, anbiziorik gabekoa eta edukiz pobrea" den arren. Legealdiko legerik "garrantzitsuena edo garrantzitsuenetakoa" dela iritzi dio Oterok, eta ez onartzea "porrot politiko nabarmena" litzatekeela. Hori horrela, zuzenketa "asko" aurkeztuko dituzte, baina denak partzialak.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketa egin diote gaur Oterori, aktualitate politikoko gaiak hizpide hartuta. Oterok aitortu du "legealdia amaitzeko zantzuak gero eta handiagoak" direla, eta, hortaz, denboraz "oso larri" ibiliko direla Trantsizio Energetikoaren Legea onartzeko. "Esfortzu handia egin beharko dugu taldeok", erantsi du. Horren harira, esan du EAJ eta PSE-EE edukiei dagokienez harago joateko prest agertu direla, baina borondatea gauzatu egin behar dela azpimarratu du. "Begiratu zer gertatu den Hezkuntza Legearekin, ikuspuntu baztertzaile batekin aritu dira EH Bildu kanporatzeko ahaleginean. Hori atzean utzi behar da", esan du.
Aurrekontuen proiektuarekin antzeko zerbait gertatu dela iradoki du Mikel Oterok. Horren ustez, Jaurlaritzak "ez du oposizioarekin akordioak lortzeko asmo handirik izan". "Duela bi urte akordioa lortu genuen aurrekontuen inguruan, eta eskema gure partetik ez da aldatu", argitu du. Hala, "borondate falta" egotzi die EAJri eta PSE-EEri, eta hauteskundeei begira egotea leporatu.
Koalizio barruko kontuei helduta, EH Bilduko legebiltzarkideak ez du aurreratu lehendakarigaia nor izango den, ezta abenduaren 17a —EH Bilduk urteko balantzea egiteko eta etorkizuneko erronkak iragartzeko jardunaldia du antolatuta— hori iragartzeko baliatuko ote duten.
Azkenik, lurraldetasunaren auzia ahotan, azpimarratu du Euskal Herrian gai horren inguruko "lanketa bat" abiatzeko unea dela, Espainiako legealdi berrian zer gertatzen den gorabehera. "Estatusaren kontua erdi ataskatuta geratu zen EAJk kajoi batean gorde zuelako; bada, kajoitik ateratzeko ordua dela uste dut. Hemen adostasun minimo bat lortu behar dugu ahots bateratu bat eramateko Madrilera", aldarrikatu du.