Politika -

Soziometroa

Urkullu (EAJ), Kortajarena (EH Bildu) eta Gorrotxategi (EP), herritarrentzat gainditu duten bakarrak

Jaurlaritzak hiru hilean behin egiten duen inkestaren bigarren parte honetan, EAEk dituen arazo nagusiei buruz galdetu diete herritarrei. Lan merkatua eta osasungintza izan dira, beste behin, aipatuenak.

Urkullu eta Kortajarena, EITB Mediak egindako argazki muntai batean. Argazkiak: EFE
Urkullu eta Kortajarena, EITB Mediak egindako argazki muntai batean.
Urkullu eta Kortajarena, EITB Mediak egindako argazki muntai batean. Argazkiak: EFE

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria (EAJ), Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea eta Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea dira Eusko Legebiltzarreko buruzagi politikoen artean herritarren balorazio onena jaso dutenak, baita gainditu duten bakarrak ere, 10etik 5,5, 5,1 eta 5eko nota lortuta, hurrenez hurren, betiere 2023ko hirugarren eta azken Soziometroaren arabera. 

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur, ostegunarekin, kaleratu du azaroko inkestaren bigarren partea. Aurrenekoan, duela astebete argitaratutako zatian, EAEko hauteskundeei begirako boto-asmoari buruz galdetu zieten herritarrei. Oraingoan, buruzagi politikoen balorazioa egiteko eta EAEko arazo nagusiak zeintzuk diren aipatzeko eskatu diete, besteak beste. 

Galdeketa azaroaren 21etik 24ra egin zuten telefono bidezko 3.000 elkarrizketa eginda. Iñigo Urkullu EAJko hautagai izango ez zela jakin aurretik egin zuten, horrenbestez.  Buruzagi jeltzalea da herritarren artean begikotasun handiena sortzen duen politikaria (10etik 5,5), baina bi hamarren galdu ditu aurreko inkestako notarekin alderatuta. Kortajarena ere gainditu dute herritarrek, 5,1eko notarekin (aurretik Maddalen Iriarteren balorazioa eskatu zuten), baita Gorrotxategi ere, 5 batekin, aurreko balorazioa hobetuta. 

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzarkideak 4,6ko nota lortu du, hamarren bat gora eginda. Sailkapen horretan urrun ageri dira Amaia Martinez (3,7ko nota jaso du, zazpi hamarren gehitu ostean), eta Javier de Andres (2,9 atera du, Carlos Iturgaizen nota hobetuta).

Buruzagiak ez ezik, alderdi politikoak ere baloratzeko eskatu zaie herritarrei. EAJ da sinpatia gehien sortzen dituena, 10eko eskalan 5,2 puntu eskuratuta (Urkulluk lortutako nota baino lau puntu gutxiago). Ondoren ageri dira, nota onenetik txarrenerako hurrenkeran, honako hauek: PSE-EE (4,4), EH Bildu (4,2), Elkarrekin Podemos (3,7), Ciudadanos (2,0), PP (1,9) eta Vox (0,7). Nabarmentzekoa da guztiek egin dutela hobera, maiatzeko inkestan atera zuten notarekin alderatuz gero. 

Alderdien balorazioa. EITB Media

Lan merkatua eta Osakidetza, arazo handienak

Euskadiren arazo nagusiei dagokienez, gizartearen lehen kezka lan-merkatuarekin lotutako arazoak dira berriz ere, maiatzeko neurketarekin alderatuta garrantzia nabarmen galdu badute ere. Herritarren % 47k aipatu dute lana hiru arazo nagusien artean; maiatzean, berriz, % 56k izan zuten hori ahotan.

Tarte handi batera, osasungintza da gehien aipatzen den bigarren arazoa, herritarren % 28k aipatu baitute (maiatzean baino apur bat gutxiago izan dira). Atzetik datoz etxebizitzarekin lotutako arazoak (% 19) eta arazo ekonomikoak (% 17), aurreko inkestan baino 10 puntu gutxiagorekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu Javier de Andres Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Hauteskunde inkestak Miren Gorrotxategi Etxebizitza Eneko Andueza